Abuztuaren 23an hasi zen Espainiako Vuelta txirrindularitza itzulia eta bihar, irailak 3, Galdakaotik igaroko da. Hemen batu ditugu ordutegiak eta itzuliaren ondorioz izango diren trafiko mozketak.
Aurtengo Vuelta, Espainiako txirrindularitza itzulia, abuztuaren 23an hasi zen eta ordutik hainbat herri igaro dituzte parte-hartzaileek.
Bihar, irailak 3, 11. etapa lehiatuko dute eta Bilbon hasi eta Bilbon bukatuko da. San Mamesen izango du irteera, 13:30ean eta 157 kilometro osatu ostean, eguna Bilboko Kale Nagusian amaitzea aurreikusi du antolakuntzak, 17:20 aldera.
Ibilbidean, txirrindulariek zazpi mendateri aurre egin beharko diete, haien artean Elorritxuetakoa. Bitan igaroko dira txirrindulariak hemendik, 351 metroko desnibelarekin.

Itzuliaren ondorioz, trafiko mozketak izango dira Galdakaon, Udalak jakinarazi duenez. Zehazki, 07:00etatik 16:45era bitartean ezin izango da Aperribai Bidea eta Sixta Barrenetxea —1 eta 26 zenbakien artean—kaleetako aparkalekuetan aparkatu. Gainera, kale horietan 14:30etik 16:45era trafikoa moztuta egongo da.
Egun horretan bertan, 14:30etik 16:45era bitarte, ibilgailuek Bengoetxeko aparkalekura sartu eta irtetea debekatuta izango dute.
Bestalde, irailaren 2ko 22:00etatik aurrera eta biharamuneko 16:45ak arte, trafikoa moztuta egongo da Ergoien auzoan. Bertako bizilagunek salbuespena izango dute, probaren egunaren 14:30ak arte zirkulatu ahal izango baitute.
Galdabusen 1. lineak ere aldaketak izango ditu: probaren iraupenak dirauen bitartean, ibilbidearen erdia baino ez du egingo, udaletxea eta Sixta Barrenetxea geltokien artekoa hain zuzen.
Galdakaoko Udaltzaingoak «ahal den neurrian aipatutako errepideetatik motordun ibilgailuekin ez ibiltzeko» eskatu die herritarrei. Horrez gain, probaren garapenaren arabera trafikoan bestelako murrizketak ere izan daitezkeela ohartarazin du.