
Tri Dj galdakoztarrak emanaldia eskainiko du bihar Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Irene Garayk bidalitakoa
Eguzkibegi Ikastolak domekan antolatuko du aurtengo Ibilaldia eta bezperan ere ekintzak prestatu ditu, musika eta kirolarekin. Besteak beste, Tri Dj izenez ezaguna den Irene Garay gazte galdakoztarra arituko da Kurtzeko plazan. Berarekin hitz egin dugu emanaldiaren atarian.
Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolak antolatuko du aurtengo Ibilaldia maiatzaren 25ean, ‘Magaletik herrire euskara erdire’ lemapean. Egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek egun horretarako, eta baita aurreko egunerako ere, BINKEk jaso zuen moduan.
Bihar hortaz, zenbait ekintzaz gozatzeko aukera izango dute Galdakaora bertaratzen direnek, besteak beste, Irene Garay galdakoztarraren emanaldiaz. Tri Dj izenez ezaguna den gaztea Kurtzeko plazan arituko da 21:00etan, Bengoren kontzertuaren ondoren. «Denetarik jarriko dut, beti ere euskeraz. Giro polita egongo da», adierazi dio artistak BINKEri.
Iaz hasi den dj moduan, Santakurtzetako goiko txosnagunean. «Betidanik gustoko izan dut jendearentzako musika jartzea eta musika honekin disfrutatzea». «Galdakaon beti ondo sentitzen naiz, lagunak hurbil ditut eta haien babesak oso ondo sentiarazten nau», nabarmendu du.
Hala ere, faltan botatzen ditu orokorrean eta baita Galdakaon zehazki neska dj-ak egotea: «Emakume erreferenteak baditut baina ez ditut hurbil, beraz, hemendik emakumeak animatzen ditut Dj izatera».