Txomin Egileorreko industrialdea trafikoari partzialki itxiko dute

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Gaur gauean eta bihar egun osoean zehar, zenbait trafiko mozketa egingo dira Txomin Egileorren dagoen industrialdean, kale hori N-634 errepideko biribilgunearekin lotuko duen zubi berria jartzeko lanen ondorioz. Zuhatzuko zubia ordea, ez da oinezkoentzako itxita egongo.

Txomin Egileorreko industrialdea trafikoari partzialki itxita egongo da gaur, urriak 3, gauean eta bihar egun osoan zehar, kale hori N-634 errepideko biribilgunearekin lotuko duen zubi berria jartzeko lanak direla eta.

Lan hori errazteko, sarbide berezi bat jarri da Txomin Egileor kaleko 47. zenbakiaren parean. Bertatik, zubiaren egitura garraiatuko duten kamioiak sartuko dira eta Obramat enpresaren instalazioen aurrean, 41. zenbakiaren parean, aparkatuko dira. Horrek tarte horretan aldi baterako errei bat moztea eragingo du.

Horrez gain, Txomin Egileor kaleko eremu horretan dagoen azken tarterako sarbidea itxita egongo da lanek irauten duten bitartean. Hala ere, industrialdeko sarbidea Txomin Egileor kaleko 54. zenbakiaren parean dagoen sarreratik egin ahal izango da. Beraz, «inguruko enpresa eta establezimendu guztietara heltzeko aukera bermatuta egongo da une oro», azaldu du Udalak.

Garraio lan horien ondoren eraikuntza eta atontze lanak egin beharko dira, eta beraz, zubia ez da erabilgarri egongo otsaila baino lehen.