Txus Martin, orain bai, erabateko askatasunean da zigor osoa beteta
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Etxerat elkartea
Galdakaori oso lotuta dagoen Txus Martin basauriarrak, 20 urte eta erdiko zigorraren ondoren, askatasun osoa eskuratu du dagoeneko.
Senideak Galdakaon dituen eta espetxealdi arinduan etxean preso egon denetik Galdakaon bizi den Txus Martin Hernando basauriarra erabateko askatasunean dago orain. Kondena osoa bete du 2006tik osasun arazo larriekin preso egon den herrikideak.
Guztira 20 urte eta erdi egin ditu gatibu, eta 2011n «eskizofrenia paranoidea eta antsietate desorden orokorra» diagnostikatu zioten, Naiz hedabidearen arabera, «baina baita gutxiegitasun aortikoa ere». Arrazoi horregatik eta gaixotasun horri bidean gehitu dizkioten urruntze eta isolamendu kasuek larriki gaixo izan diren presoen ikur bilakatu izan da Txus Martin.
Baldintzapeko askatasuna hamaika urtez eskatu izan du Martinen defentsak, bere osasun egoerari aurre egin ahal izateko. Baina etengabe ukatu izan diote, zigorraren azken hilabeteak espetxealdi arinduan bete dituen arte. Orain, lanean eta senideen artean da Txus Martin Galdakaon, Joseba Goikoetxea ertzainburua 1993an hiltzeko ustez laguntza eskaini izanagatik 2002. urtean kondenatu zuten herrikidea.