Ertzaintzak 19 urteko gazte bat atxilotu zuen Galdakaon, 24 urteko emakume bat bortxatzea leporatuta. Erasoa gaitzetsi du Galdakaoko Udalak eta «premiazko» bilera deitu du biktimarentzako arreta koordinatzeko. Hemen batu dugu Udalaren adierazpen instituzionala, hitzez hitz.
Galdakaon 19 urteko gazte bat atxilotu zuen Ertzaintzak duela egun batzuk, 24 urteko emakume bat bortxatzea leporatuta. Gertaerak abuztuaren 30ean jazo ziren eta atxilotua epailaren esku jarri du Ertzaintzak, BINKEk jaso zuen moduan.
Emakumeari egindako ustezko erasoa gaitzetsi du Galdakaoko Udalak eta «premiazko» bilera deitu du «informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimarentzako arreta koordinatzeko».
Hona hemen Udalaren adierazpen instituzionala, hitzez hitz:
«Galdakaoko Udalak, bertako talde politiko guztien adostasunarekin, adierazi nahi du irmoki arbuiatzen duela udalerrian gertatu den eraso matxista. Aldi berean, Udalak babes eta laguntasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duen pertsonari eta haren hurrekoei.
Udalak gertaeraren berri izan duen momentutik bertatik eta informazioaren nondik norakoak baieztatu ostean, gaiaren gaineko ikuspegi zehatza eta osoa izate aldera, Protokoloa aktibatu eta premiazko batzarra deitu du informazio guztia batu eta erakundearen erantzuna nahiz biktimarenganako laguntasuna koordinatzeko.
Adierazi gura dugu indarkeria matxista ez dela jokabide txarreko ausazko ekintzen eta ekintza indibidualen emaitza; aitzitik, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasun-harremanetan sakon errotuta dagoela eta agerian uzten du, beste behin ere, beharrezkoa dela, kolektibo feministarekin, eragile sozialekin eta, oro har, herritarrekin batera lan egiten jarraitzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde.
Honengatik guztiagatik, Udalak, bere eskumenen barruan, konpromisoa hartzen du neurriak sustatzen jarraitzeko biktimek arreta azkarra, koordinatua eta eraginkorra jaso dezaten, prebentzio-jarduerak indartu daitezen eta, azken batean, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.
Era berean, Udalak babestu egiten ditu mugimendu feministako taldeek egingo dituzten gaitzespen ekintzak, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu horietan parte hartzera.
Galdakaoko mugimendu feministak eta emakume taldeek elkarretaratzea antolatu dute biharko, irailak 4, osteguna, 20:00etan, Santi Brouard plazan».