Usansoloren prozesua oraindik Bizkaiko Batzar Nagusiek landu ez izana salatu du UHk
Segregazioa
BINKE / 2022ko maiatza
Usansoloren prozesua oraindik Bizkaiko Batzar Nagusiek landu ez izana salatu du UHk
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Naia Bergaretxe Sarria
Usansoloren segregazioaz erabakitzeko «pilota Bizkaiko Batzar Nagusien teilatuan» dagoela adierazi du gaur Usansolo Herria plataformak, eta oraindik «gaia landu ez dabela» salatu. Horregatik, ondoko eskaria egin dute gaur eguerdian UHko kideek.
Usansoloren segregazioaren gaineko bozketa martxoaren 27an antolatu zen Unkina eskolan. Bertan, herritarrek Usansolo Galdakaotik bereizitako udalerri independente izatea gura zuten ala ez bozkatzeko aukera izan zuten. Herritarren %63,12k baliatu zuen bozkatzeko aukera hori, eta bozkatu zutenen %81,54k segregazioaren alde egin zuen.
Ordea, hilabete baino gehiago pasa bada ere, «oraindik Usansoloren prozesua Bizkaiko Batzar Nagusiek landu ez izana» salatu dute gaur, hilak 10, Usansolo Herria (UH) plataformako kideek Unkina plazan egin duten prentsaurrekoan.
«Foru araua guretzako espresuki dago eginda eta baldintzak betetzen doguz», baieztatu du Monika Mena UHko bozeramaileak hainbat herritar inguruan dituela, eta ondorioztatu: «Ikerketak adituek egin dabez eta ondorioztatzen da Usansolok baliabideak daukazala». Horregatik, «eta herritarren gehiengoak hala erabakita», Usansoloren gaia Bizkaiko Batzar Nagusiek «lehenbailehen» lantzea eskatu dute usansolotarrek.
Hori salatzearekin batera, oraindik erantzunik jaso ez izana ere salatu dute eguerdiko prentsaurrean, «eta pilota euren teilatuan dago». Gainera, alderdiek «legea betetzen bagendun trabarik egongo ez zala adierazi baeuskuen be, batzuen partetik oraindik ez dogu erantzunik jaso», nabarmendu dute. Hala ere, UHkoek alderdi «guztiekin» berba egiteko borondatea erakutsi dute gaur.
«Baina, non dago zuen borondate politikoa? Zeren zain zagozie?» galdetu du Usansolo Herriak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak «bere erantzukizunari entzungor ez egitea» eskatu. Bide horretan, datorren Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran Usansoloren segregazioa lantzea espero du UHk, eta argi utzi du gaur ere: «Gure prozesua amaiera arte eroango dogu, badakigulako Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izan leikela».