V. Gela Erronka Solidarioaren amaiera ekitaldia, urriaren 29an

Argazkia: Galdakaoko Udala

Galdakao Txirrindulari Elkarteak eta Ganguren Mendi Taldeak V. Gela Erronka Solidarioaren amaiera ekitaldia antolatu dute urriaren 29rako. Hitzorduan haurrentzako mendiko aulki egokitua lortzeko prozesuaren aurkezpena eta honen entrega egingo dute.

Ekainean V. Gela Erronka Solidarioa antolatu zuten Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelak eta Ganguren Mendi Taldeak eta haurrentzako mendiko aulki egokitu bat lortzeko dirua bildu zuten honetan.

Erronkaren prozesua ezagutzera emateko helburuz, ekitaldia antolatu du Gelak urriaren 29rako, Gandasegi eskolan 19:00etan. Bertan, aulkiaren entrega ofiziala egingo da eta proiektuaren garapenaren laburpen bideoa proiektatuko da, erabiltzaileen eta parte hartzaileen esperientziak eta bizipenak jasotzen dituena.

Ostean, Kepa Lizarragak, Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Medikuntzan espezialista eta galdakoztar mendizale amorratua denak, hitzaldi motibatzailea eskainiko du eta gonbidatu bereziak aurkeztuko ditu: Jose Rosales, iktus bat gainditu duen Malagako eskalada monitorea, eta Oier Aramendi, Basauriko kirolaria, bi hankak galdu arren eskalada egokituan lehiatzen dena.

«Biak adibide inspiratzaileak dira eta euren istorioak eta anekdotak partekatuko dituzte, baita beren bizitza aurrera eramateko kirolak izan duen garrantzia ere», azaldu dute antolakuntzatik.

Galdakaoko Udalak ere parte hartuko du ekitaldian, «ekimenari babesa adierazteko eta sustatzaileei pasioz eta elkartasunez egiten duten lan handia eskertzeko».

Haurrentzako mendiko aulki egokitua lortzeko proiektua Galdakao Txirrindulari Elkarteak eta Ganguren Mendi Taldeak elkarlanean garatu dute, Galdakaoko Udalaren babesarekin. Kirol Egokituko Bizkaiko Federazioak, Bizkaiko Mendi Federazioak eta Ibilki elkarteak ere parte hartu dute.