Valentzia laguntzeko elkartasunaren aurrean, «eraginkortasunez aritzeko» deia egin du Galdakaok
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Nacho Doce, Reuters
Valentzia herrialdea eta bertako biztanleak laguntzeko sortu den elkartasun nahia erraldoia izaten ari da, baita Galdakaon ere, baina laguntza hori «egokia eta eraginkorra izan dadin, elkartasun antolatuaren deia» egin du Galdakaoko Udalak, EUDELen deiarekin bat eginez. Euskal erakundeak Valentziako Generalitatearekin harremanetan daude, eta ondoko argibideak kontuan hartzeko eskatu die euskal herritarrei.
Valentzia herrialdea astindu duen DANA fenomeno metereologikoak —goi mailako depresio isolatuak—elkartasun uholde erraldoia sortu du Europa hegoaldeko hamaika lurraldetan. Horietako bat da Euskal Herria, eta berarekin baita Galdakao eta Usansolo ere. Baina sortu duen elkartasun masibo hori, «laguntza egokia eta eraginkorra izan dadin, elkartasun antolatua izatea ezinbestekoa» dela adierazi dute euskal erakundeek, baita Galdakaoko Udalak ere.
Erakunde galdakoztarra Euskadiko Udalen Elkartean (EUDEL) dago sartuta, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, etengabeko harremanean dago Valentziako Generalitatearekin. Laguntzeko borondatea duten erakundeei —eta bere menpe dauden herritar guztiei— ondoko gomendioa egin die gobernu valentziarrak: kaltetuek zuzenean egindako eskaerak kontutan hartuta, laguntzak Som Solidaritat plataformaren bidez edo bertan lanean ari diren erakundeen bidez egitea.
Valentziako Generaliteak Som Solidaritat ataria sortu du laguntzak eta dohaintzak bideratzeko. Bertan lanean ari diren erakunde eta instituzioen arabera, bi dira behar handienak uneotan: kalteak konpontzen saiatzeko dirua eta boluntarioen lana.
Beraz, lagundu nahi duenari hiru gomendio eman dizkio EUDELek, eta Galdakaoko Udala bat egin du dei horretan:
- Edozein pauso eman aurretik egoeraren eta beharrizanen berri jasotzea.
- Doaintza ekonomikoak egitea halako egoerei erantzuteko gai diren eta kaltetutako eremuetan presentzia duten erakundeei.
- Egoera honetan laguntzen duten euskal erakundeetan boluntario egitea.
Halaber, Galdakaoko Udalak ohar bidez «uneotan gauzazko dohaintzak ez egiteko» eskatu du, «ez jarduteko norbere kabuz larrialdietan eta ekintza humanitarioan espezializatutako erakundeekin harremanetan jarri gabe, eta ez joateko kaltetutako eremuetara». «Uneotan hala jarduteak laguntza baino oztopo handiagoa eragin lezake», erakunde inplikatuen arabera.