Vuelta Galdakaotik igarotzean Euskal Herriaren ikurrak erakusteko deia egin du Gure Eskuk

Argazkia: Foku

Gure Esku plataformak deia egin du Espainiako txirrindularitza itzulia Euskal Herritik igarotzean «gure ikurrak erakusteko». Zenbait herritan egingo dute ekimena, tartean bihar Galdakaon.

Espainiako txirrindularitza itzulia Euskal Herritik igarotzean «hemen nazio bat dagoela» zabaltzeko deia egin du erabakitze eskubidearen aldeko Gure Esku plataformak. Euskal Herria zazpi lurraldez osatua dela islatu dadin nahi du, «eta herri honek taupada bizia duela hori erakusteko».

Horretarako, Espainiako txirrindularitza itzulia Euskal Herritik igarotzean «gure ikurrez» bete nahi du. Ekimena zenbait herritan jarriko dute martxan, tartean Galdakaon.

Espainiako Vuelta bihar igaroko da gure herritik, BINKEk jaso zuen moduan, eta Gure Eskuk 15:45ean Bengoetxeko elizaren aurrean Euskal Herriko ikurrak erakusteko deia egin du. «Hartu zure ikurra eta errepidera atera! Ikus gaitezela! », adierazi dute plataformatik.