Kanpora sartzen ikuskizuna sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duen istorioa da, Xabin Fernandezek lehen pertsonan idatzitakoa. Artistak Galdakaon aurkeztuko du antzezlana bihar, abenduak 5, Intza Alkainekin batera.
Xabin Fernandezek 2013ko martxoaren 11n jakin zuen seropositiboa zela, eta «egun hartan dena aldatu zen». Hamar urteren ostean, Xabinen eta birusaren arteko harremanari buruz hitz egiteko garaia heldu da eta Kanpora sartzen ikuskizunaren bitartez egin du artistak.
Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, kulpa, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia… Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan? Kanpora sartzen lehen pertsonan idatzitako istorio bat da, «sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka lortzen duenak».
Fernandezek Intza Alkainekin batera taularatzen du Kanpora sartzen eta bihar, abenduak 5, Galdakaon eskainiko dute ikuskizuna, 20:00etan.
Sarrerak eskuragai daude Torrezabalen eta ohiko webgunean.




