
Zabalik dago kirol udalekuetan izena emateko epea
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Samcron
Izena eman daiteke honezkero aurtengo kirol udalekuetan. 2012 eta 2019 urteen artean jaiotako umeei zuzenduta egongo dira, eta Elexaldeko kirol gunean egingo dira bi txanda ezberdinetan.
Zabalik dago honezkero aurtengo kirol udalekuetan izena emateko epea. Hauek 2012 eta 2019 urteen artean jaiotako umeei bideratuta daude eta bi txandatan gauzatuko dira: ekainaren 23tik 27ra eta ekainaren 30etik uztailaren 4ra.
Jarduerak Elexaldeko kirol gunean egingo dira eta adinaren arabera bereizitako kirol jarduera ugari egingo dituzte parte-hartzaileek, «gazteen artean bizimodu aktiboa sustatzeko».
Txanda bietan ordutegia 09:00etatik 14:00etara izango da, baina 08:30etik 09:00etara eta 14:00etatik 14:30era haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da.
Prezioa aldiz, 70 eurokoa izango da abonatuentzat eta 84 eurokoa abonatu ez direnentzat. Izen-ematea zabalik dago eta Udalaren webgunearen bidez edo aurrez aurre egin daiteke Elexalde, Urreta eta Unkina kiroldegietan. Horien harrera kontroletan ere eskatu daiteke informazio gehiago.