Santakurtzak irailaren 12tik 21era ospatuko dira eta aurten ere Kuadrillen Txapelketa antolatuko dute jaietan. Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago eta hilaren 10era bitarte egin daiteke Torrezabal Kultur Etxean edo Udalaren webgunean. Albiste honetan batu dugu parte hartzeko jakin beharrekoa.
Aurtengo Santakurtzak hurrengo astean hasiko dira eta beste behin Kuadrillen Txapelketa antolatuko dute hauen egitarauaren baitan.
Honetan izena emateko epea zabalik dago honezkero eta hilaren 10era bitarte egin daiteke Udalaren webgunean edo Torrezabal Kultur Etxeko bigarren solairuan, astelehenetik barikura, 08:30etik 14:30era.
Kuadrilla bakoitzak modalitate hauetako batean bakarrik eman ahal izango du izena:
- Kuadrillen arteko XXIII. txapelketa
2. III. Txapelketa Ttipia
3. Gazte kuadrillen txapelketa
Lehenengo bi lehiaketetan, kuadrilla bakoitzak gutxienez 16 urtetik gorako lau pertsona izan beharko ditu, eta gazte kuadrillen lehiaketan, berriz, 12 eta 16 urte bitartekoak izan beharko dira partaideak. Gainera, probetan parte hartzeko kuadrillen jantzi edo kamiseta bereizgarria eraman beharko dute kideek.
Sariak, lehiaketaren oinarriak eta proben eguneroko emaitzak Udalaren webgunean argitaratuko dira, eta Torrezabal Kultur Etxean ere eskuragarri egongo dira.
Horrez gain, lehia osasuntsuaren aurkako jarrerak zigortuko dituen ‘sari’ bat egongo da, iaz moduan: Limoi Saria. Proba guztietan, antolakuntzak limoi bat edo gehiago banatu ahal izango dizkie arauak betetzen ez dituztenei, tranpak egiten dituztenei, epaimahaiaren iritzia errespetatzen ez dutenei, jarrera edo adierazpen diskriminatzaileak edo gainerakoekiko errespeturik gabekoak erakusten dituztenei, eta abar.
Jokabide horien ondorioz, datorren urteko lehiaketan 25 puntuko zigorra ezarriko zaio jaietan limoi gehien batzen dituen kuadrillari, eta diru-sariren bat irabazten badu, sariaren erdia jasoko du soilik. Baina bada zigorra neurri handi batean saihesteko modu bat: sari banaketaren egunean, irailaren 21ean, Kurtzeko karpan irabazitako limoi guztien zukua edatea.