Zabor bilketaren tasa %69 igoko da Galdakaon, Europako araudi berria betetzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: V. G.
Jatorria Europan duen eta Espainiar estatuan ezarri den 7/2022 Legearen arabera, aurrerantzean zabor bilketaren zerbitzua herritarrek ordaindu behar dute bere osotasunean tasen bitartez. Honen ondorioz, tasa %69 igotzea onartu zuen atzo Galdakaoko udalbatzak.
Atzo, urriak 30, hilabete honetako osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta honetan hainbat izan ziren eztabaidatu ziren gaiak. Usansolok eta Galdakaok adostutako diru banaketari bide eman, etxebizitzen irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko diru laguntzak ematea onartu eta Udaleko euskararen erabilera plana adostu zuten alderdiek, besteak beste.
Halaber, zabor bilketari dagokion tasa %69 igotzea onartu zuen udalbatzak, jatorria Europan duen eta Espainiako Estatuan ezarri den 7/2022 Legea betetzeko. Honen arabera, aurrerantzean zabor bilketaren zerbitzua herritarrek ordaindu behar dute bere osotasunean.
Gaur egun, hilean 5,59 euro ordaintzen da batez beste etxebizitzako eta aurrerantzean 9,45 euro ordaindu beharko da. Ordea, diru sarreren araberako hobariak kontuan hartuko ditu tasak, eta udalbatzako alderdi guztiek bat egin zuten aurrerantzean beste hobari batzuk ezartzeko beharrean, gutxien kutsatzen dutenak saritzeari begira.
Neurria EH Bildu, UH eta Auzoak taldeen aldeko botoekin, PSE-EEko kideen abstentzioarekin, eta EAJ-PNVren kontrako botoekin onartu zen.