Gutxien dutenek gutxien ordaintzeko helburuz, zergen eta tasen irizpideak eguneratzen jarraitzea onartu zuen atzo Galdakaoko udalbatzak, urriko osoko bilkuran. Etxea alokairu programen esku uzteak %99ko hobaria izatea eta etxe hutsak izateak %150eko errekargua izatea ere adostu zuen.
Atzo, urriak 30, urriko osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta honetan 15 gai eztabaidatu zituzten guztira alderdiek, Udalak jakinarazi duenez.
Besteak beste, zergen eta prezio publikoen kobrantzan progresibitatean sakontzen jarraitzea onartu zuen udalbatzak, Udal Gobernua osatzen duten taldeen aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. Zehazki, irizpideak bateratzea onartu zuten, «gutxien dutenek gutxien ordaindu dezaten».
Batetik, hobariak emateko irizpideak bateratu dira eta taula bakarra egin da arlo guztietako hobariak emateko irizpide gisara. Pertsonen eta familien ahalmen ekonomikoa zehazteko askotariko baldintzak kontuan hartzen dituen IPREM irizpidea du oinarritzat taula horrek. Aldi berean, bi zerbitzu mota bereiztu dira hobarien zenbatekoak zehazteko: oinarrizko zerbitzuak eta ez oinarrizkoak. Horren arabera, premia handiena dutenek %90eko edo %70eko hobariak izango dituzte zerga eta tasetan.
Ondasun Higiezinen Zerga adibidez, %1 igoko da orokorrean, baina, familia ugarientzako hobariak eguneratu dira. Alokairu programetara bideratutako etxeek %99ko hobaria izango dute zergetan —orain %50ekoa dute—; eta etxebizitza hutsei %150eko errekargoa jarriko zaie. Azken neurri honek salbuespenak izango ditu, adibidez, jabeak erresidentzietan bizi direlako hutsik dauden etxebizitzek ez dute izango errekargorik —hiru urteko mugarekin—.
Trakzio Mekanikoko Ibilgainuen Gaineko Zergak ere %1eko igoera izango du oro har, baina, familia ugarientzako hobariak eguneratuko dira, eta potentzia fiskal handiena duten ibilgailuen zergek izango duten igoera %10 izango da; alegia, gama altuko ibilgailuek gehiago ordaindu beharko dute.
Beste zenbait neurri ere onartu zituen Galdakaoko udalbatzak, besteak beste, Txomin Egileorreko lanak egiteko Galdakaoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin egindako lankidetza hitzarmena luzatzea, Usansoloko Udalak eta Galdakaokoak adostuta duten enkomiendari dagozkien gastuen 2025eko lehen seihileko likidazioa adostea, eta bi egitasmo gauzatzeko hartuta dituen konpromiso kredituak moldatzea: Emakumeen Etxea eraikitzeko eta Esteban Loroñok utzitako herentzia erabilita Zuhatzuko adinekoen egoitza handitzeko proiektuen erritmoetara egokitzeko aldatuko dira urte anitzetan ordaindu beharreko kredituen portzentaiak.
Bestalde, PSE-EEk herritarren eskura jarri daitezkeen udal lokalen inbentarioa egitea eskatzeko aurkeztutako mozioa atzera bota zuen udalbatzak, Udal Gobernuko taldeen aurkako botoekin, «eskatzen zuen hori dagoeneko egiten ari dela» argudiatuta. Oposizioko talde biek alde bozkatu zuten.
 
             
                




