Udalak 105 pertsona kontratatu zituen enplegu planetako hamar proiektutan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien dituzten galdakoztarrak laguntzeko helburuz, hamar proiektu jarri zituen martxan Galdakaoko Udalak 2022an. Guztira 105 pertsona kontratatu zituen, sei hilabeteko iraupenarekin.
Galdakaoko Udalak enplegu planak sustatzen ditu, lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien dituzten galdakoztarrei laguntza eskaintzeko asmoz. Pasa den urtean hamar proiektu jarri zituen martxan eta hauetan sei hilabeteko kontratuak egin zituen.
Udal Gobernuak jakinarazi duenez, bi motatako kontratuak egin ziren. Batetik, Next Generation Europako funtsekin egindako 60 eta Udalak eta Lanbidek kofinantzatutako 45.
Europako programaren barne kontratatuko pertsonek lanerako prestakuntza eta orientazioa jaso zuten, lan merkatuan sartzeko gaitasunak eta ezagutzak indartzeko asmoz. Parte hartzaileen enplegagarritasuna hobetzeko, programak prestakuntzako eta lan orientazioko ibilbide bat barne hartu du.
Aurten martxan jarri diren planen artean zailtasun gehien dituzten kolektiboetan jarri da arreta. Zehazki, 45 urteko gorakoen artean egin dira eskaintzak. «Parte hartu duten pertsonen %66k oinarrizko prestakuntza du, eta, beraz, jasotako prestakuntzak balio berezia du, lana aurkitzeko aukerak hobetzen lagunduko baitie», azaldu dute Udaletik. «Parte hartzaile askok adierazi dute lan bizitzarekin jarraitzeko eta etorkizun profesionala birbideratzeko behar zuten bultzada eman zaiela», gehitu dute.
Lanean eman duten denboraz gain, beste hiru fasetan parte hartu dute Udalak kontratatu dituzten herritarrek. Lehenik eta behin, arauei, arriskuei eta prebentzioari buruzko hasierako formakuntza jaso zuten.
Jarraian, prestakuntza ibilbidea egin zuten, autoestimua, komunikazioa eta talde lana uztartuz, besteak beste. Halaber, lanpostu bakoitzeko gaitasun profesionalak landu zituzten.
Azkenik, programaren hasieratik lantaldean behar bezala integratzeko eta programa behar bezala garatzeko lanketa egin zuten. Gainera, proiektua amaitzean, enplegua aktiboki bilatzeko prozesuari berriro ekiteko tutoriak eskaini ditu Udalak.
Lanbiderekin lankidetzan
Next Generation funtsaren laguntzarekin egindako kontratazioez gain, Udalak beste 45 egin zituen Lanbiderekin lankidetzan. Zehazki, agente zibileko zortzi langile, bideak eta berdeguneak mantentzeko hamabi, margo taldean parte hartzeko zortzi, igeltsero bezala aritzeko hamabi eta hiri dekorazioa lantzeko bost kontratatu zituen.
Jose Luis Bernalek, Enpleguko zinegotziak, kontratazioak 2022an egindako «lanaren emaitza» direla adierazi du. «Apustu horretan inoiz baino diru gehiago inbertitu zen 2022an, 2.200.000 euro, alegia, Bizkaiko inbertsio portzentajerik handienetakoa», azaldu dute Udaletik.