Hezkuntza komunitatearen berriak jasotzeko Kabitik atal parte-hartzailea sortu du Binkek
TESTUA ETA ARGAZKIA: Binke
Galdakaoko zein Usansoloko ikastetxe eta euskaltegietako berriak batuko dituen atal berria sortu du Binkek: Kabitik. Gaur aurkeztu dute Udalak eta Binkek Torrezabal Kultur Etxean, zazpi zentroko ordezkariekin batera. Atal «parte hartzailea» izango da gainera; ondoko albistean azaldu dugu zergatik.
Galdakaoko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Arloarekin hausnartu ondoren, komunikabideok oro har ikastetxeetan egiten duten lana erakusten ez dugula konturatu ginen, baina aldi berean, ikusten genuen ikastetxe asko direla Galdakaon eta Usansolon, eta asko direla hauetako bakoitzak ikasturtean zehar antolatzen dituen ekintzak —eta zoritxarrez, Binke bezalako komunikabideak txikiak dira, eta ez dago giza baliabide nahikorik guztiaren berri emateko—.
Horregatik, ikastetxe guztietako berriak batuko dituen txoko birtual berria martxan jarri du Binkek: Kabitik. Albisteen atalaren barruan dago kokatuta, eta badu berezitasun bat txoko berri honek: ikastetxeak eurek direla nahi dutena eta nahi dutenean argitaratuko dutenak. Horretarako, ikastetxe bakoitzari profil bat sortu zaio BINKE.EUS webgunera sartzeko eta Kabitik atalean bere ikastetxeko berriak argitaratzeko.
Modu honetan, ikastetxe zein euskaltegietan antolatzen dituztenen berri jaso ahal izango du Binkeko irakurleak. Egitasmo honek «ikastetxeetako lanari ikusgarritasuna emateko eta gure hezkuntza komunitateari espazio zein bozgorailu berri bat eskaintzeko» balio gura du, astelehen honetan Irati Alonso Binkeko kazetariak azaldu du Torrezabal Kultur Etxean, zazpi zentroko ordezkarirekin eta Edurne Espilla Euskara eta Komunikazioko zinegotziarekin batera egindako aurkezpenean.
Udaleko zinegotziak bere aldetik eskerrak eman dizkio Binkeri eta ikastetxeei, «ekimena martxan jartzeagatik bateri eta parte hartzeko prestutasuna erakusteagatik besteei». Dagoeneko zabalik dago atala, eta ikastetxe batzuek igo dituzte lehenengo albisteak.
Argazkian, Alonsorekin —ezkerretik lehenengoa— eta Espillarekin —eskumatik lehenengoa— batera ageri dira, ezkerreko bigarrenetik hasita: Fernando Mugarza (Andra Mari LHII), Idoia Garmendia (Ostalaritza Eskola), Asier Martin (Berbalagun), Naia Zuluaga (Eguzkibegi Ikastola), Jone González (Gandasegi eskola), Maddi Garaizabal (Bengoetxe BHI), Isusko Alboniga (Elexalde BHI) eta Janire Egaña (AEK).