«Bizkaiera eta sexua», Josu Lezameta
Josu Lezameta Larrabeiti
BINKE / 2017ko otsaila
Bizkaiera eta sexua
Izenburuan sexua ikusi duzunez, hasi zara irakurtzen. Lasai, amaieran sexuaz hitz egingo dugu; oraindik ez, baina. Bizkaierari buruz hitz egin nahi dizut gaur. Ez dakit euskara zelan ikasi zenuen: umetan ama/aitarengandik, eskola/ikastolan, nagusitan euskaltegian… Ez dakit bizkaieraz edo batuaz egiten ote duzun. Kontua da idatzizko bizkaieraren lekuaz hitz egin nahi dizudala gaur zuri, euskaraz irakurtzen ari zaren horri. Eta zein litzateke leku hori nire ustez? Ba, esaterako, hau, Binken bizkaiera ederrean idatzitako tarteak topatuko dituzu eta batua txukunean ere bai.
Baina -bainaren ordua heldu da-, non ez genuke bizkaiera erabili beharko? Esaterako, Berrian, gure egunkari nazionalean, Euskal Herri osorako aldizkarietan, liburuetan… Hor euskara batua, euskalkien koloreek apaindua litzateke egokiena. Eta non gehiago ez nuke nik bizkaiera erabiliko? Ba, gure udalaren webgunean, adibidez. Galdakaon euskaldunberri ugari ditugu, euskara ahalegin handiz ikasi dutenak eta merezi dute webgunea erraz ulertzea, ezta? Bestalde, giputz edo zuberotarrak ere nahi ditugu galdakao.net-en bisitari!
Eta orain bai, orain hitz egin dezagun sexuaz: bizkaiera oooooso sexya da, lagunok: ligatzeko, oherako…