Galdakaoko Emakumeen Etxearen aurreproiektua aurkeztu du Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Emakumeak ahalduntzeko helburu nagusia izango duen Galdakaoko Emakumeen Etxearen aurreproiektua sortu du Udalak. Gaur aurkeztu dute Nerea Orozko Berdintasun zinegotziak, Laura Pinto Berdintasun teknikariak eta talde eragileek. Albiste honetan batu ditugu proiektuaren xehetasunak.
Emakumeen aldarrikapen «historiko» bati erantzuna emanez, Galdakaoko Emakumeen Etxearen aurreproiektua aurkeztu du Udalak. «Proiektu garrantzitsua da, bertan emakume anitzak bilduko direlako helburu argi batekin: ahalduntzea», azaldu du gaur aurkezpenean Nerea Orozko Berdintasun zinegotziak. Udaleko pleno aretoan aurkeztu dute proiektua Orozkok eta Laura Pinto Berdintasun Teknikariak, prozesuan murgildu diren talde eragileekin batera.
«Emakumeen diskriminazioarekin bukatu nahi badugu funtsezkoa da gune bat sortzea, fisikoa eta sinbolikoa dena, eta hau izango da Emakumeen Etxea», nabarmendu du Orozkok.
Duela bi urte hasi zen prozesua eta denbora tarte honetan Udaleko ordezkariak eta talde eragileak elkarlanean aritu dira, proiektuaren inguruan hausnartuz eta ideiak elkarbanatuz. «Eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten emakume guztiei», azpimarratu du Orozkok.
Hausnarketa prozesu honetan ildo filosofikoak ezarri dituztela azaldu du zinegotziak: «Zer nolako etxea izan behar den eta zein zerbitzu eskaini behar dituen finkatu dugu denon artean». Prozesu honetan hainbat ondorio atera zituzten, besteak beste, proiektua «feminista, ahalduntzea bultzatzen duena, intersekzionala eta mota guztietako emakumeak hartzen dituena» izan behar dela.
Azken hilabeteetan berriz, ildo hauek abiapuntu hartu eta Emakumeen Etxearen aurreproiektua sortu dute. Laura Pinto Berdintasun teknikariak adierazi ditu eraikinaren nondik norakoak eta Urretako Romualda Zuloaga plazan kokatuko dela ezagutzera eman du. «Bi urte hauetan izandako bileretan adostu diren beharrei erantzun die diseinuak», nabarmendu du teknikariak, bi soilaru izango dituela azalduz.
Beheko soilaruan egongo dira sarrera nagusia, harrera gela eta informazio puntua. Bestalde, hiru espazio balioanitz izango ditu: areto nagusia eta bi gela ertain.
Goiko solairuan aldiz, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak kokatuko dira, besteak beste, Berdintasun arloa. «Helburua mota honetako zerbitzuak bateratzea da, emakumeek haien eskura aurkitu ditzaten», azaldu du Pintok.
LZB Arkitektura izan da aurreproiektua egiteko enpresa arduraduna eta honetako kide batzuk izango dira eguenean, martxoak 2, Gandasegiko eskolan eraikinaren nondik norakoak azaltzen, Udaleko ordezkariekin batera. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera Emakumeen Etxearen aurreproiektua jendeaurrean ezagutzera emango dute eta herritarrek zalantzak argitzeko eta eskaerak egiteko tartea izango dute.
Hurrengo pausoa proiektua onartzea izango da eta Udal Gobernuak urte amaieran egitea espero du, eraikin berriaren obrak 2024an hasteko.