Doinuele euskarazko plazen sarea sortu dute, Sormene tarteko dela
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Dani Blanco
Euskara hutsezko liburu eta diskoen azokak batzen dituen euskarazko plazen sarea sortu dute: Doinuele. Oraingoz, zortzi ekimenek osatzen dute sarea, haien artean Galdakaoko Sormene. Gaur aurkeztu dute Bilboko Bira espazioan eta albiste honetan batu ditugu proiektuaren xehetasunak.
Herrietan euskara hutsezko liburu eta diskoak jendartean ezagutzera emateko hainbat ekintza antolatzen dira urtero: azokak, egitarau bereziak, jardunaldiak… Hauen arteko «sarea josteko» helburuz, euskal plazen sarea sortu dute, Doinuele izenpean. Gaur, martxoak 15, aurkeztu dute Bilboko Bira espazioan egin duten ekitaldian.
Oraingoz, zortzi herrietako ekimenek parte hartuko dute Doinuelen, haien artean Galdakaoko Sormene. Hauek dira gainontzekoak: (H)ilbeltza (Baztan), Geure Gelatik (Azkoitia), Literaturia (Zarautz), Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, Ikusi Mikusi (Sara) eta Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka.
Ekimen bakoitzeko ordezkari bat izan da aurkezpenean eta bakoitzaren datak ezagutzera eman dituzte. Hemen zerrenda:
· Urtarrilean: Baztanen (H)ilbeltza, (H)ilbeltza elkarteak antolatuta.
· Martxoaren 24 eta 25ean: Azkoitian Geure Gelatik, Maxixatzenek antolatuta.
· Apirilaren 27tik 30era: Galdakaon Sormene, udaleko euskara zerbitzuak antolatuta herriko liburudendekin batera.
· Maiatzaren 5etik 7ra: Zarautzen Literaturia Literaturia elkarteak antolatuta.
· Ekainaren 3an: Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, Baltsan elkarteak eta ARGIAk antolatuta.
· Irailaren 30ean: Hernaniko Liburu Azoka, Dobera euskara elkarteak antolatuta.
· Urriaren 20an eta 21ean: Saran Ikusi Mikusi, Kiribil, Pamiela, Galtzagorri, Euskokultur eta Denon Artean-ek antolatuta.
· Abenduaren 15etik 17ra: Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka, Gerriko elkarteak antolatuta.
Antolatzaileek azaldu dutenez, plaza hauekin lortu nahi diren helburuak argiak dira: «Euskara hutsezko publikoa, irakurlegoa, entzulegoa, haur, gazte eta heldu, indartzea; euskaraz bizi den sarea zabaltzea; azokak errentagarri egitea, jendetsuak eta biziak, anitzak, euskararen komunitatearen topaleku eta ispil». Halaber, «kultur sortzaileak, idazle eta musikariak, ilustratzaileak eta itzultzaileak, editoreak eta literatur aldizkariak sostengatzea; euskalduna den jendea liburu/diskora ekartzea eta liburu/diskoa herritarrei hurbiltzea; euskarazko liburu eta diskogintzaren aniztasun eta aberastasuna plazan ikusaraztea» bilatzen dute.
Parte-hartzen duten zortzi herrietan errealitateak ezberdinak direla adierazi dute aurkezpenean: «Batean euskara ofiziala baina derrigorrezkoa ez, bestean koofiziala edo soilik toleratua. Baina arazo bera: legezko babes ofiziala ukan edo ez, euskara hutsez bizitzeko nekezia edo ezintasuna eta euskaraz (ere) bizitzeko lanak! Hots, kasurik hoberenean gure hizkuntz eskubideak aitortuak badira ere ez dira bermatuak, ez aplikatuak».
Honen harira, euskaraz bizitzea «goxo eta atsegingarria» dela nabarmendu dute: «Gure txikian bagara nor, hemen gaude eta egon gura dugu».