Josu Trueba: «Egunkariak militanteentzat sortutako panfletoak dira»
Josu Trueba, argazkilaria
BINKE / 2016ko urria
«Egunkariak militanteentzat sortutako panfletoak dira»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Kameraren atzealdean egoten dena zergatik da ikusezin, berari esker gizarteko hamaika egoera ikusteko gai bagara? Galdera horri erantzutea ez dut uste «ikusezin» horri erantzutea ere erraz egingo zaionik. Eta ziurrenik, ikusezin izatera ohituta egongo da. Ohituta, eta gustura gainera. Baina oraingoan kameraren fokoa aldatu dugu.
Istorio, pasarte edo ekitaldiren baten berri emateko kanala izaten dira argazkilariak. Baina hilabete honetan kameraren atzealdean egoten denari egokitu zaio kameraren aurrean jartzea. Gai sozialekin erabat lotuta dagoen galdakoztarra da eta bereziki euskal gatazkarekiko errespetu eta konpromiso handia duen pertsona.
Hortik harago, munduan sekula egin den Kubako punkaren inguruko erreportaje fotografikoa argitaratu zuen liburu batean, zeinekin 2013an nazioarteko liburu iberoamerikar onenaren Ohorezko Lehenengo Aipamena jaso zuen. Gainera, Britainia Handiko The Sunday Times egunkariak aipatutako bere azken lana argitaratu zuen. Beretzako lorpen handia izan zen, «britainiar eskumako komunikabide handi eta jeneralista batean nire lan osoa argitaratu izanak ematen duen aitorpenagatik». Baina noren inguruan ari gara? Kokatu gaitezen.
Ondarroatik Galdakaora etorri da. Kostako herrian bizi delako, bere herrira bisitan. Baina oraingoan bere sorterrira bisita egiteko aitzakia bikoitza izan du, Binkerekin solasteko hitzordua baitu. Eta hortxe agertu da aldizkariaren erredakzioan Josu Trueba (Galdakao, 1981) argazkilari profesionala, bizi-bizi eta kontu kontari aritzeko gogotsu. «Hasi grabatzen gura duzunean» esanda eroso eseri da aulkian.
Zurea ez da ohiko argazkigintza… Konbentzionala izan edo ez, ez dakit. Baina gaur egun ikusten denaren ondoan behintzat nirea sakontasuneko argazkilaritza da. Sakontasunez jorratu beharrekoa eta konpromiso handia eskatzen duena. Nik ikusten ditudan injustiziak kontatu gura ditudalako irudi bidez eta euren egoera komunikatzeko ahots bako horien kanala izan.
Zerk deitu diezaioke arreta galdakoztar bati argazkilaritzan hasteko? Arreta ezerk ez. Ala agian bai. Baina kamera batek behintzat ez. Nik ez nuen kamerarik inoiz hartu, garai batean nengoen neska-lagunarekin Ibizara joan nintzen arte. Bikoteak diskoteka batean «giri» bati poltsikoan zeraman kamera «hartu» zion, baina nik ez nuen kamera hori oporraldi guztian ukitu.
Zelan da posible! Kamera ukitu barik argazkilaritzara zaletu? Ez, kamera hori ez nuen ukitu Galdakaora bueltatu nintzen arte. Uda osoa Ibizan egin ostean, inoiz baino gehiago aspertzen nintzen herrian eta orduan ohartu nintzen hortxe zegoela kamera, ukitu barik. Eta herriko bazter desberdinei erretratuak ateratzen hasi nintzen preso dagoen Ugaitz lagunari bidaltzeko.
Gaur egun, ordea, dokumental argazkilaritza egiten duzu… Baina hortik hasi zen dena. Herrian hainbeste aspertu ostean Venezuelara joan nintzen. Hara ere kamera eramatea okurritu zitzaidan, baina arrazoi beragatik, nire bidaiaren berri emateko «barruan» zegoen lagunari. Eta han nagoela konturatu nintzen kameraren bitartez mundua begiratzea gustatzen hasi zitzaidala. Ordura arte kamera barik erreparatzen ez nituen gauzak ikusten nituela. Venezuelan gustua hartu eta bueltan Bartzelonara bizitzen joan behar nuenez argazkilaritza ikastaro baten izena ematea pentsatu nuen, total, juergan irtetzea nuen hobby bakarra… eta horrela, gaur arte!
Zelan egiten duzu lan? Errealitatea manipulatu barik eta argazkiak montatu barik. Argazkilaritza dokumentalean ezin diozu bati esan «jarri hemen», «horrela posatu»… eta egiten baduzu, aitortu behar duzu. Zeuk erreportaje bat egiten baduzu, errealitatea bera kontatu behar duzulako eta manipulatu egiten duzun unetik ez da zehazki gertatzen ari dena, gertatzea probokatu duzuna baizik.
Ados, baina Brasilen, Eslovakian, Argentinan, Bolivian… izan zara bertako problematika irudi bidez islatzen, eta bertako «munduetan» sartzeko pausu batzuk jarraitu beharko zenituen… Bazter askotan ez dizute bestela kamera batekin sartzen utziko! Jakina! Horretarako istorioak entzun behar dituzu, errealitatea ikertu, pertsonak gertutik ezagutu eta besteei zu ezagutzeko aukera eman. Konfiantza eman eta sinistu dezatela zu ez zarena eurengana joan morboa saltzeko. Horregatik injustizian eta sufritzen ari direnen bizitza kontatu gura badut, eurek ulertu behar dute zerbaitegatik nagoela hor. Niretzat inportantea delako. Zintzotasunez eta errespetuz jokatuta egin behar dira gauzak: kolektibo horri argi eta zuzen esanda zer egin gura duzun eta zertarako. Orain Kaxa Hutsak izeneko euskal iheslarien inguruko lan bat prestatzen ari naiz, zelan uste duzu konbentzituko dituzula iheslariak euren historia kontatzera, zure konfiantza ez badute?
Gai korapilotsuak hainbesteko sakontasunarekin lantzea ez da erraza izango… Eta are zailagoa izango da komunikabideen diskurtsotik irten gura baduzu! Komunikabideek ez dute ezer sakontasunez lantzen. Gizarteko arazo bat sakontasunez lantzeko denbora behar delako. Eta denbora dirua da. Egungo komunikabideek nahiago dute panfleto izan eta ohiko notiziak betiko ikuspegitik ematea, benetako lanketa sakonak egin baino…
Zure argazkiak Euskal Herriko hainbat egunkari eta aldizkarik argitaratu dituzte eta! Bai, eta Gararen Zazpika aldizkariak dispertsioaren inguruan egin nuen erreportaje oso bat argitaratu zuen. Horrekin oso pozik nago aldizkari horrek egundo egin duen lanik zabalena izan zelako. Gero Berria eta Argian ere argitaratu izan dituzte nire lan batzuk… baina batek egin zuenez besteak ere egin gura zuelako.
Gaitz erdi! Eta kexatzen zara, hala ere? Nik ez dut lekurik Euskal Herriko ohiko komunikabideetan. Euskal Herriko egunkari guztiak euren militanteentzako sortutako panfletoak dira! Eta ez dute konturatu nahi, kalitatezko erreportajeak ez badituzte argitaratzen, ez dutela euren publikoa sekula zabalduko betiko leloaren betiko leloaz arituko badira, balio erantsiko edukirik sartu gabe.
Zuen lana baloratzen ez dutenaren sentipena al duzu? Euskal Herrian eta espainiar estatuan behintzat ez. Begira, argi eta garbi hitz egingo dut. Erresuma Batuan Kubaren inguruan egin nuen erreportajea argitaratu zidaten, bertako egunkari ezagunenean. Bi orrialdeko lanagatik 2.350 libera kobratu nituen. Italiako Internationalen 2.200 euro. Lan beragatik El Pais-en 700 euro eskaintzen zizkidaten. Eta Garan, 400€. Egin kontu! Alemanian Panamako paper ezagunak argitara atera zituen egunkari berak 1.700 euro ordaindu zizkidan eurentzako erreportaje fotografiko bat egiteagatik Kuban. Kanpoan benetako historia ondo kontatzea baloratzen da eta urteetako lana egitea, gizakiak istorioez bizi garelako, ez sentsazionalismoz hemen bezala.
Hala ere, historia bat kontatzeko komunikabide handiren batek kontratatu izan zaituela diozu… ez duzu inoiz zure burua saldu edo baldintzatuta ikusi? Normalean aurretik inork kontratatu gabe egiten dugu lan, argazkiak atera eta gero saldu. Eta lan zehatzen bat egiteko kontratatu izan naute baina bi aldiz bakarrik. Aipatu dudan Alemaniako egunkariak eta Erresuma Batukoak. Azken honek Santiago de Compostelan gertatutako AVE istripuaren ondorengoa kontatzeko deitu ninduen. Han ere ohiko argazkilariak morboaren bila baino ez zihoazen. Hori bai, lehenengo bi egunak pasata argazkilari eta kazetari guztiak desagertu egin ziren. Ordutik aurrera inor ez zen oroitzen han segitzen zuten familiez. Nik aldiz astebete egin nuen bertan, familien etxeetan, eurek laguntzen eta euren egunerokotasun gordina islatzen. Baina berri agentziei odola ateratzea baino ez zaie interesatzen, horrek gehiago saltzen duelako! Mafia hutsak dira…
Tira, zuk agentzia bat sortu zenuen beste bazkide batzuekin batera… Alegia berri agentzia handiek eta multinazionalek kontatzen dutenetik ihes egiteko sortu genuen Bostok taldea, gurea bihotzetik kontatzea delako, lehenengo pertsonan eta normalean ez den ikuspegi bat emanez.
Ondo da, baina ez diguzu erantzun aurreko galderari: inoiz ez duzu zure burua saldu kontratu baten truke? Egundo ez! Eta egin ahalko nuke. Are gehiago, egingo banu dirutu egingo nintzateke, argazkiak atera ahal izateko benetako mundu sekretu eta korapilotsuetan sartu izan naizelako… baina ezin dut egin, traidore bat izango nintzelako. Edozein komunikabide espainol eta ultra eskuindarri euskal iheslarien informazio konfidentziala eman ahal izango nieke, esaterako, edo dispertsioaren eraginez sufritzen duten guztien intimitatea saldu ahalko nuke. Baina ezin da hori egin, lehen esan bezala nire lana herri honi konprometiturik dagoelako, eta historiaren ikuspuntu hori kontatu ahal izateko hainbatek nigan jarritako konfiantza pikutara bidaliko nukeelako.
Dispertsioa aipatu duzu hainbatean. Arduratzen zaituen gaia da, ezta? Mundu mailan egin dudan lan guztia, bizitako esperientziak eta ateratako argazki guztiak dispertsioa gaia heldutasunez jorratzeko entrenamendua baino ez dira izan, nire helburua beti izan delako euskal gatazkaren kontakizuna egitea. Eta alde horrek ukitzen nau gehien.
Horren emaitza da kaleratu zenuen Kilometro Zero DVDa? Bai. Ikus-entzunezko lan horretan dispertsioak zentzu guztietan eragiten duena kontatu gura nuen. Ehunka eta ehunka dira inongo errurik gabe dispertsioa sufritzen dutenak. Baina egunkari abertzaleek ere kontatzen dutenaz harago, dispertsioa ez da bakarrik asteburuko joan-etorria kartzelara edo, milaka kilometro egin ostean, berrogei minutuko bisita. Dispertsioak askoz sakonago hondatzen du familia baten bizitza, egunero. Hori ere kontatu beharra dago, eta horretarako hamaika familien egunerokotasunean sartu nintzen nire kameraren bitartez islatu eta gizarte honetako gaitz handi bat salatzeko.
Horrelako gaiak lantzeagatik inoiz izan duzu norbait mintzeko beldurrik? Ez, nire asmo bakarra modu arduratsuan jendeari gizarte honetako arazoak muturren aurrean jartzea delako. Jendea ez badator nigana, ni joango naiz eurengana euren herrietan eta beraien auzokideei zer gertatzen zaien kontatzera. Hala ere, gizarteko beste hainbat arazo lantzen joango naiz denborarekin.
Eta noizbait zure lana egiteagatik mindu duzu? Honetan ere ezetz esango nuke. Ah! Itxaron! Bai! Gai sozial hauek lantzeagatik minduta sentitu ahal izan dena estatu espainola izan da, behin atxilotu egin nindutelako dispertsioaren inguruko ehunka argazki izateagatik autoan. Terrorismoa gorestea leporatu gura zidaten, errealitate baten kontakizuna egite hutsagatik. Beste behin, arrazoi beragatik, Iruñerriko Zizur herrian nire erakusketa bat zentsuratu zuen UPNko alkateak. Horrelako kasuetan konturatzen naiz nire lana ondo egiten ari naizenaz! Beldur dira…