«Laia eta Laieta», Manu Etxebarria
Gure berbaz
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2023ko martxoa
Martiko ekinokzioan negutik urten eta udabarrian sartzen gara. Neguan lozorroan egon dan natura berbiztuz dator eta gure baserritarrak ereintza lanak egiten hasten dira. Lurra lantzeko era asko dagoz eta zelango laborea halako tresna erabiltzen da. Batzuetan bedarrez josita dagoan lurra udalandu egiten da aitzurrez zohiak atera eta lurra bistan itxita. Baina noizean behin lurra sakonagotik iraultzea sano ona eta onuragarria izaten da. Horretarako aspaldiko tresna bat aipatuko dogu: laia, (gazt. laya, euskeratik hartuta), lurra iraultzeko hagin luze biko lanabesa, bere burdinazko eskulekuko zulounean zurezko asta eta guzti. Laia, etxeko talde-lanean edo auzo-lanean erabiltzen zan, eta bere ekintzari: laieta eritxan. Taldeko bakoitzak laia bi hartzen ebazan eta danak batera sartu euren laiak lurrean, alboak zainduta. Gero norberagana tiratu, oinakaz lagundurik barrurago sartu, danak batera jaso lur zatia eta irauli. Holan eragoioen solo guztiko lurra irauli arte. Hurrengo beharra, aitzurren egin eta lurra jo edo lantzea zan. Geroagora, tresna hobeak agertu ahala, laiak baztertu ziran. Gaur apaingarri lez-edo ikusten dira leku askotan.