Koldo Cuñado: «Epaile izateko ogibidea gastu bat da guretzat, ez onura ekonomiko bat»
Koldo Cuñado, esku-pilota epailea
BINKE / 2023ko martxoa
«Lehen pilotariek asko xaxatzen zuten publikoa, epailearen kontra egin zezaten»
- Koldo Cuñado Egaña
1975, Galdakao
Eguzkibegi Ikastolan hazi zen eta Zulaibar Ikastegian jarraitu zituen ikasketak azken urte luzeetan Arrigorriagan lan eta bizi den Koldo Cuñado galdakoztarrak. Hamahiru urte daramatza Cementos Rezola enpresan lanean, baina bere eguneroko lana esku-pilotako epaile izatearekin uztartzen du. Hori da bere pasio, eta horrek eraman du LEP.M ligako epailerik beteranoena izatera.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria
Esku-pilota profesionaleko epailerik beteranoena da Koldo Cuñado galdakoztarra. Gizon umoretsua, alaia eta oso urduria da, baina kontrakantxara jaisten denean kontrako epaile bilakatzen da: serioa eta oso lasaia, bere buruarengan konfiantza handia duena. Binkerentzat umoretsu bezain irmo aritu da, esku-pilota profesionaleko epaile izatearen alde argi zein ilunez berba egiteko.
Zergatik hasi zinen epaile? Hamar urte nituela Adiskide elkarte galdakoztarrean hasi nintzen esku-pilotan, Zamakoan auzokide nituen Eñaut eta Oier Zearra anaiekin batera. Baina kadeteetara iristean zaila zen herrian jokatzen jarraitzea, eta kanpora joan behar izaten genuen askok.
Kanpora joatea saihesteagatik hasi zinen epaile, beraz? Ez, ez! Baina kanpora entrenatzen joan eta hortik urte gutxira, 19 urterekin, eskuko minekin hasi nintzen. Orduan Humberto Alzagak —epaile eta hautatzaile zenak— pilotari ibiltzeari utzi behar genion batzuei ikastaro bat egitea proposatu zigun, epaile izateko. Eta nik proposamena onartu nuen!
Pilotako beste modalitate batzuetan ere aritu zara? Bai, lehen ia egunero jokatzen zen palan Bilboko Deportivo klubean, eta astean bi aldiz joaten nintzen sarri. Zestan ere ibilitakoa naiz… Baina gehiena esku-pilotan, bereziki 2002ko irailean LEP.M Liga sortu zenetik aurrera.
Ordura arte ez al zegoen ligarik? Ez, 2002an Asegarce —gaur egun Baiko dena— eta Aspe enpresek Eskuzko Pilota Enpresen Liga sortu zuten —gaztelaniazko ‘Liga de Empresas de Pelota a Mano’ hitzetatik dator LEP.M laburdura—. Gaur egun Ligako epaileak gara, baina ordura arte federazioek jartzen zuten epailea, eta tokian tokiko edozein epaile aritzen zen.
Txantxetan esaten da epaileak kirolari «frustratuak» zaretela... Eta egia da! (barreka) Denak izan gara kirolariak, baina motiboren bategatik gehienok utzi diogu kirolari izateari. Esku-pilotako epaileen artean behintzat horixe gertatzen da!
Tira, baina zuen bidea ere ez da erraza izango! Gustuko lekuan aldaparik ez, badakizu. Baina egia da bereziki profesionaletara igaro aurreko urteak gogorrak izaten direla. Eskolaz kanpoko mila partida epaitu behar dituzu, hasieratan gaztea zara, partidak asteburuetan dira, parrandatxoekin uztartu behar duzu lana… (irribarretsu)
Eta zure profesionaletako lehenengo finala gogoratzen duzu? 2003ko martxoak 31: Koka eta Beloki, Olaizola eta Paskualen aurka. Ez dut gogoratuko ba! Ligatik deitu ninduten Atano pilotalekuan, Donostian, epaile nagusi aritzeko. Aste osoa urduri baino urduriago egin nuen. Baina hori gutxi ez, eta aurreko egunean astebete atzeratu zen finala, Beloki gastroenteritisak jota baitzegoen. Non sartu ere ez nekien, urduritasun horrekin beste astebete egin behar nuela-eta! (barreka)
Zer egin behar da esku-pilotako epaile profesional izateko? Gaur egun, ezer ere ez. Tira, kirol honetaz jakin. Baina orain ez da ikasketarik behar esku-pilotako epaile izateko. Dagoeneko ez garenez federazioko kide, Ligak berak erabakitzen du nor izango den epaile.
Zer gertatu zen euskal pilota federazioaren eta LEP.M Ligaren artean?Epaileei dagokionez behintzat, lehen federazioko langile izaten ginela eta orain Ligako langile. Labur azalduta: federazioak epaileen zerbitzua eskaintzen zien Aspe eta Asegarce enpresei, eta une batetik aurrera, federazioa epaileen baldintzak hobetzeko exijitzen hasi zitzaien enpresei. Eztabaida horren erdian, bi enpresek bat egin eta liga bateratua sortzea erabaki zuten, epaileak ere Ligaren parte bilakatuz. Hortik aurrera beraz, epaileetako batzuk Ligako epaile izatera pasa ginen, eta federazioak Ligari eskaintzen zion zerbitzu hori eten egin zuten.
Zu Liga sortu aurretik aritzen zinen, beraz. Hori da, eta gaur egun Ligan hasiera-hasieratik dagoen epaile bakarra naiz. Ez zaharrena, baina bai urte gehien daramatzana! (barreka)
Epaile profesional izateak, ordea, ez du esan gura lan honetatik biziko zarenik, ala bai? Inondik inora ere. Epaile izateko ogibidea gastu bat da guretzat, ez onura ekonomiko bat. Hilean bizpahiru partida izan ditzakegu —udan gehiago— eta ez dugu askorik kobratzen partidu bakoitzeko. Baina gainera, kobratzen dugun gutxi hori Errenta Aitorpenean oso zigortua dago, bigarren lanbide hartzen dutelako… Honetan ari garenak pilotazaleak gara, kirol hau maite dugu eta horregatik ari gara epaile lanean, gozatu egiten dugulako.
Merezi du dirutan irabazten duzuen gutxi horrek, frontoian duzuen ardurarekin? Beste aberastasun mota batekin irteten zara frontoitik. Nik neuk betekada zoragarria eramaten dut etxera bueltan, eta gero eta presio handiagoa egon partidan, orduan eta gozatu ederragoa hartzen dut. Ardura da, bai, baina horrek ez du esan nahi sufritzeko ardura denik.
Zenbat epaile zaudete gaur egun Euskal Herrian? Bizkaia eta Araban —elkarrekin gaude— zazpi epaile gara, Gipuzkoan bi baino ez daude, Nafarroan bost edo sei dira eta Errioxan lau. Denera hogei epailera ere ez gara iristen.
Emakumerik badago? Bai, bi emakume daude, biak gure taldean gainera! Adin desberdineko bi epaile fin: Irene Ortiz eta María Sánchez.
Esku-pilota profesionaleko partidak urte osoan eta ia astebururo antolatzen dira. Zelan antolatzen zarete norgehiagoka guztiak kubritzeko? Epaileon WhatsApp talde bat daukagu, eta ni nabil bertan Ligaren eta epaileen arteko koordinatzaile. Ligak epaileak eskatzen dizkit eta nik galdetu egiten dut guztien artean… bakoitzaren prestutasunaren —bere laneko egun libreen— eta epaile bakoitzak aurretik egindako saioen arabera osatzen dut egutegia.
Bi epaile bakarrik izanda, gipuzkoarrek zail izango dute ba egutegia osatzea! Eta horregatik Bizkaia-Araba taldetik lagundu egiten ditugu, Gipuzkoako partida guztietan epaile bi bermatzeko.
Epaile nagusiak du erantzukizun handiena, frontiseko hormatik gertuen kokatzen denak. Besteak lagundu egiten du, eta aukeratutako sei piloten otzara ere berak eramaten du.
Nork erabakitzen du non kokatu epaile bakoitza? Gure artean erabakitzen dugu hori, baina normalean esperientzia handiena duenak hartzen du epaile nagusi izateko ardura.
Zu beti epaile nagusi ikusten zaitugu ba! Atzean aspertu egiten naizelako! (barreka)
Erabaki azkarrak behar dituzue eman, baduzu erratzeko beldurrik? Ez, egia esan. Gehiago esango dut, oso pertsona urduria naiz, baina frontoian inoiz baino lasaiago egoten naiz. Niretzako frontoia terapia itzela da, eta konfiantza handia izaten dut nire buruarengan.
Zuek ez duzue VAR sistemarik, eta pilota azkar mugitzen da. Bista ona izan beharko duzue ba! Ondo kokatuta egotea eta pilotaren inpaktu puntuari adi egotea dira gakoa. Azken honek sortzen ditu gainera eztabaida asko pilotazaleen artean, jendeak errepikapenetan edo zuzenean ikusten baitu pilotaren alde bat marraren gainean dagoela, eta beraz kanpoan dagoela ondorioztatzen du maiz. Baina ez, lur edo horman jotzen duen pilotaren zatia hartu behar da kontutan…
VAR sistemarik ez, baina gero eta gehiago dira frontoietan dauden pantaila handiak non, besteak beste, jokaldiaren errepikapenak unean bertan publikoak ere ikusten dituen telebistako ikusleek bezala. Epaileentzat mesede ala kaltegarri dira? Kaltegarri. Eta aurreko galderan erantzundako arrazoi beragatik askotan. Kameraren enfokearen edo ikuspuntuaren arabera gauza bat edo bestea gertatu dela eman dezakelako. Baina gu pilotagandik oso hurbil gaude. Eta askotan, ondo ikusi baino, ondo entzuten dugu non jotzen duen pilotak.
Ekarri dizue pantailek arazorik? Momentuz, ez. Baina publikoak epailea epaitzen du, eta gero entzun behar…
Zein da zuretzako jokaldirik zailena? Bi boteak ondo ikustera iristea. Sarritan gainera pilotaria lurrera botatzen da pilota altxatu nahian, ez digute ondo ikusten uzten eta pilotak oso azkar eman ditzake bi boteak lurrean. Baina pilotak eskutik irteteko orduan duen norabidearen arabera igarri dezakegu bote bakarra eman duen ala bi egin dituen lurrean.
Futbolean, orokorrean, ez da epailea askorik errespetatzen. Zelakoa da esku-pilotako epaileek jasotzen duzuen tratua? Gaur egun pilota mundua ez da lehen modukoa. Askoz giro sanoagoa dago egun, bai pilotarien aldetik zein publikoaren aldetik ere. Lehen pilotariek asko xaxatzen zuten publikoa, epailearen kontra egin zezaten. Baina horretan enpresak fin ibili dira, eta pilotariei transmititu egin diete epaileak ere jokoaren parte garrantzitsu garela; euren kide.
Eta zaleen aldetik? Gero eta apustu gutxiago egiten da pilotalekuetan, eta horrek eragina du epaileen gainean dagoen presioan. Gero eta diru gutxiago egon tarteko, orduan eta giro jatorragoa dago guztien partetik.
Baina izango zenuen pasarte bitxirik! Profesionaletan izan dudan pasarterik gogorrena, hain justu, apustu egin zuen zale baten erruz bizi izan nuen.
Zer gertatu zen? Bilboko esku-pilotako torneo baten finala jokatu zen, orain urte mordoa, Bilboko Deportivo klubean. Norgehiagoka estelarrean ez zen arazo nabarmenik izan. Baina beste partidan Gorostiza eta Taberna, Lejardi eta Mendiaren aurka aritu ziren. Lehenengoak 21-10 irabazten joan ziren, eta Lejardi-Mendiak 21era berdintzea lortu zuten partida: 21-21. Lejardik atera zuen eta atzetik Gorostiza joan zitzaion pilotaren bila, baina Lejardirekin talka egin zuen. Lejardi ez zen une baten ere mugitu, eta beraz tantoa Lejardi-Mendiaren alde eman genuen Humbertok eta biok. Kriston zalaparta sortu zen frontoian, Gorostiza-Taberna bikotea aise irabazten joatetik galtzera igarotzera pasa zirelako.
Baina epaileek ez zenuten errurik izango, ezta? Ez, baina sortu zen burrunba horren erdian harmailatik zale bat oihuka jaitsi zen kontrakantxara guri begira, «kabroiok, akatu egingo zaituztet!», eskuan apustu-sorta handia zeramala. «Nork ordainduko dizkit orain apustu guzti hauek!» eta antzekoak esaten zituen, eta hain bortizki aritu zenez bi epaileok aldageletara sartu behar izan gintuzten babestuta.
Ez zitzaizuen ezer gertatu? Zorionez, ez, horretan geratu zen. Eta horixe izan da bizi izan dudan unerik gogorrena profesionaletan. Okerragoak dira afizionatuen mailan, gurasoak tarteko daudenean: guraso guztiak dira epaile, kirolari, entrenatzaile, abokatu… •