«Kapaz kapako iragazkietan zirrikituak», Nerea Urgoiti
Lerroartean
Nerea Urgoiti Galarza
BINKE / 2020ko iraila
Kapaz kapako iragazkietan zirrikituak
Maskarak, musukoak, bozalak. Azkenaldi honetako protagonistak, udako bidai lagunak. Bizi estilo berri bateko normaltasun ikurrak. Batzuk etxeko edozein bazterretan ezkutatzen dira, poltsiko guztien goxotasun epelean, motxila guztietako zirrikitu ilunetan. Beste batzuk ate parean geratzen dira dantzan, paseoan ateratzeko irrikan. Badaude itsasoan bainatu direnak ere, bainu jantzien ahanztura patriketan. Ikusten dira kotxeetako atzerako ispiluetan zintzilik, kaleetan zaindari, baita besoetan modako apaingarri.
Ordu mugatuko bizi itxaropen horretan zenbat bizipen eta abentura. Zenbat sekretu maskaren zimurretan barrena idatzita, edo itsatsita. Eman gabeko musuak, pentsamendu debekatuak, garrasi isilak.
Begiradarekin irribarre egiteko momentua omen da eta ederra da; edo litzateke. Ederra begiradarekin besarkatzea, musukatzea, hitz egitea. Ederra begi keinu soilez irribarre egitea, elkar ulertzea eta elkarri laguntzea. Baina kapaz kapako iragazkiak zirrikitu ilunak ditu, mesfidantzatik jaio eta berekoikeriatik elikatzen diren hutsune handiak. Hamaika pentsamendu debekaturen lekuko; horrek ez darama maskara jantzita, beste hark egunero berdina, musuko hori ez du sekula ere garbitu…
Jantzi ditugu maskarak, halabeharrez edota kontzientziaz, jantzi. Baina besteen maskarei so, ustekabean, erantzi ditugu beste asko, konturatu gabe azaleratuz berekoikeria, irekiz arrakala sakonak.
Aldatu ditzagun iragazkiak eta jantzi ditzagun berriak. Sorrarazi dezagun kapaz kapako pandemia emozional benetan eder eta oparoa, sustraiak kontzientzian loratuz betirakoa izango dena.