Unkina eskolako irakasle jubilatuak: «Asko zaindu deutsagu alkarri Unkinako eskolan»
Lukas Zabala, Amaia Odriozola eta Edurne Ruiz, irakasle jubilatuak
BINKE / 2023ko urria
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Usansoloko Unkina eskolari bizi luzea eskaini dieten azken hiru irakasle jubilatuak solasaldi berean batu ditugu, hogei urtetik gora euren lantoki —eta askoz gehiago— izan den horren inguruan aritzeko: Amaia Odriozola, Edurne Ruiz eta Lukas Zabala dira eurek.
Hiru elkarrizketatuetatik bat ere ez da usansolotarra, baina hirurak egon dira Usansolori oso lotuta. Edo daude. Hirurak izan baitira 20 urtetik gora Unkina eskolan irakasle: Amaia Odriozola galdakoztarrak ia 39 urte egin ditu Unkinako Haur Hezkuntzako irakasle, 1987tik 2022ra bitarte; Edurne Ruiz galdakoztarrak lanean emandako 39 urteetatik 20tik gora Unkinan egin ditu Lehen Hezkuntzan, aurtengo udan erretiroa hartu duen arte; Lukas Zabala bediarrak berriz, urriaren amaieran hartuko du erretiroa, 1995ean Unkinako eskolan lanean hasi zenetik —28 urtez Unkinan lanean, beraz—.
Ikasi duzue Unkinako eskola barik bizitzen? Amaia Odriozola (AO): Bai, nik urtebete daroat erretiroa hartuta, eta arin pasa jat denbora! Baina eskolagaz eta bereziki lankide izandakoakaz ez dogu harremanik galdu. Galdakaotik Usansolora oinez etorten garan askotan «kukutxu» bat egiten deutsiegu lankideei. Edurne Ruiz (ER): Nik udan hartu neban erretiroa, eta dagoaneko hirugarren aldia da hamen nagoana. Bariku askotan saiatzen naz etorten, nire zikloko lankide izandakoakaz bazkaltzeko.
Zertara ari zarete eskaintzen zuen denbora orain? AO: Nik ekintza asko egiten dodaz —mendira edo museotara joan, bizikletan ibili, irakurri, bidaiatu…— baina danak egiten dodaz aurretik konpromisorik hartu barik. Orain ez dot konpromisorik hartu gura. Areago, askotan pentsatzen dot: «Hau gura dot, baina bihar erabakiko dot». ER: Ni barria naz honetan, eta oraindino erretirora egokitzen nabil, baina nire buruari bai esan deutsat gelditzeko, lehen nire barnea «batidora» bat zalako. Behin erretiroa hartuta ikasten hasiko nintzala pentsatu neban, baina momentuz ez dot holakorik egingo. Nik be sarri esaten dot: «Eingot». Momentuz uger egitera joaten naz, baserriko kontuak be jagoten dodaz… baina burua estutu barik. Lukas Zabala (LZ): Niri egun gitxi falta jataz erretiroa hartzeko, hil honen amaieran egingo dot, eta familiari eskaini beharko deutsat denbora, baina nire ardiak, astoak, arrantzako edo perretxikoetako irteerak… egiteko tartetxoak atarako dodaz!
Zer eskaini dizue eskola honek tarte guzti honetan? ER: Niri asko irakatsi deusta. Gezurra emoten dau, irakasleak berez irakasteko gagozalako, ezta? Baina asko ikasten da. Irakaspena izan da eta laguntasuna be, lagun talde bategaz egin dodalako topo hemen. Ez naz inoiz bakarrik sentidu. AO: Nik be bardina sentitzen dot. Lankide asko lagun min daukadaz gaur. Laguntasuna eta konfiantza emon deusta Unkinak. LZ: Nire kasuan, Edurnek eta Amaiak esandakoaz aparte, familia moduan hartzen dodan herria jaso dot. Ni Bediakoa izanda poteoan eta lagunakaz beti bertora egin dodalako, Usansolora.
Badago errepikatuko ez zenuketen zerbait? ER: Edozein talde edo familiatan bezala gure eztabaidak edo hasarreak izan doguz, baina aipatzekorik ez. LZ: Nik, alaba elbarritua dodanez, inoiz bere bila joateko eskolatik alde egin behar izan dodanean beti babestu naute lankideek. AO: Bai, ondo tratatu deutsagu alkarri, ez dago errepikatuko ez geunken ezer.
Eskola txikia izatea abantaila da Unkinarentzat? ER: Bai, izan leike, mila saltsatan sartuta egon garalako beti. Gure txikitasunetik proiektu askotan inplikatzeko aukera emon deusku. LZ: Eta inplikatutako proiektu askotan erreferente be izan gara, baina inportantea izan da horretan talde finkoa izatea. Hori Unkinak badauka. AO: Holan da, eta hori kanpotik be askok ikusten dabe, gurera Gorlizetik zein Lekeitiotik be etorri izan dalako jendea lanera.
Erraza izan da zuen herritik gertu irakasle izatea? AO: Nik Unkina aukeratu neban hain zuzen be horregatik, ez nebalako nire herrian lanik egin gura. Baina dana dala, Usansolon bertan be, inoiz ez deustie kaletik matrakarik emon. ER: Horretarako Usansolo errespetuzko herria da, jendeak bereizten dakialako lana eta kalea. LZ: Nik bizi asko egiten dot berton eta oso-oso gitxitan esan deustie kaletik eskolako ezer. ER: Akaso herrian bertan bizita desberdina izango litzakela, ez dakigu, baina guri behintzat herriak oso ondo hartu gaitu beti.
Zer esango zeniekete irakasle-ikasketak egiten ari direnei? AO: Irakasle izatea gustuko izatea. Zuretik emoteko prest egon behar dozu ogibide honetan. ER: Duda barik, horixe bera. Ez dagiala jendeak lanbide hau aukeratu diruagaitik edo oporrengaitik. Holan txarto joango da eskola eta pertsona bera. LZ: Konpromisoa behar dala esango neutsien danei. Hau ez da makinakaz lan egiteko fabrika bat, pertsonakaz gabilz lanean. Eskolara puntu-puntuan sartzen dana, edo eskolatik puntu-puntuan irteten dana egunero… malo. AO: Zaindu egin behar deutsagu alkarri, zaindu egin behar doguz ikasleak… holan zainduko dogulako gure gizartea eta euskal eskola publikoa. •