Eraldaketarako indar berriak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Adiskide Pilota Elkartea 1975an sortu zen Galdakaon lagun talde baten eskutik. Hainbat pilotari ezagun izan dira Kurtzeko frontoian aritzen den taldearen parte eta erreferente izaten jarraitzen du pilotazaleen artean. Orain aro berri bat hasi du junta berriarekin eta honen erronkak ezagutzeko Gaizka Uriarte presidentearekin hitz egin du BINKEk.
Lagun talde baten eskutik sortu zen Adiskide Pilota Elkartea Galdakaon 1975eko amaieran. Jose Mari Ealo buru zela, bost kidek osatzen zuten hasierako taldea eta Kurtzen aritzen ziren euria ez bazen. Kasu hauetan, sortzen ari zen Elexaldera joaten ziren jokatzera. Urteak igaro eta 1991an eratu zen Adiskide Kirol Elkartea ofizialki. J. C. Zearra izan zen lehen presidentea eta harekin batera zeuden Ogara, Idirin, Loroño eta Yurrebaso. Bakoitzak 1.000 peseta jarri behar izan zituen dokumentuak sinatu eta elkarte moduan martxan jartzen hasteko.
Sortu eta hiru urte geroago presidentez aldatu zuen Adiskidek. Javier Escalza jarri zen taldearen zuzendaritzapean eta ondoren beste hainbatek izan dute kargu hori: Angel Bidart, Vidal Salcedo, Iñaki Ibargarai, Anart Ajuriagogeaskoa, Janire Landaluze eta orain Gaizka Uriarte.
Herrian ezagunak izan diren eta zendu diren juntakideak ere izan ditu taldeak, besteak beste, Luis Beroiz, Iñaki Ibargarai, Kike Cruzado, Josu Etxebe eta Mikel Azanza.
Pilotari arrakastatsuak. Sortu zenetik gaur egun arte mila ume eta gazte inguruk eman dituzte pilotakadak Kurtzeko frontoian, hauetako batzuk oso ezagunak pilotazaleentzat, hala nola, Karmelo Ariznabarreta, Oier Zearra, Mikel Larunbe eta Gaizka Karregal. Danel Elezkano eta Mikel Urrutikoetxea ere aritu ziren Adiskiden bi urtetan zehar, entrenatzaile baten eraginaren ondorioz.
Hauen eta beste hainbat pilotariren eskutik hainbat lorpen eskuratu ditu Adiskidek. Esaterako, Herrien Arteko Txapelketaren bost final jokatu zituen duela hamar urte inguru eta bi irabazi zituen. Halaber, bi Berria Txapelketa irabazi zituen 2008an eta 2010ean eta Euskal Herriko Kluben Txapelketa 2015ean.
Presentzia berreskuratu. Aro oparotsua izan zen pilota talde galdakoztarrarentzat eta honetara bueltatu nahi dira orain junta berriaren kideak, ez emaitzen aldetik, baizik eta «taldeak herrian duen presentzia berreskuratuz».
Gaizka Uriarte presidente dela, bederatzi lagunek osatzen dute junta berria eta erronkekin datoz. «Adiskide berriz kaleratu nahi dugu, herriko jendeak berriz izan dezan pilotaz gozatzeko nahi hori eta gu erreferente izatea horretan», azaldu du Uriartek. «Frontoian giro polita sortu nahi dugu berriz, pilota kirol moduan aldarrikatu eta jendea partidak ikustera erakarri», azpimarratu du.
Hau lortzeko Galdakaoko Udalaren laguntza eskatu dute, izan ere, «inbertsioa beharrezkoa da». «Hobekuntzak egin behar dira frontoi erakargarria egiteko, jendeak Kurtzeko frontoia erreferentziazko leku bat bezala ikusi behar du», adierazi du presidenteak.
Marka indartu. Kirol elkarteak bere aldetik aldaketak egingo ditu herrian presentzia hori lortzeko: «Adiskide marka moduan indartu nahi dugu. Garrantzia emango diogu komunikazioari, izan ere, ezinbestekoa da herritarrek partiden eta txapelketen inguruko informazioa izatea pilota ikustera animatu nahi baditugu».
Emaitzen eta partiden kasuan esaterako, federatuenetaz gain, eskolartekoak ere zabaldu nahi dituzte aurrerantzean, bai kartelen eta baita sare sozialen bitartez. «Kontziente gara sareetan egoteak egun duen garrantziaz eta alor hau indartu nahi dugu jende gehiagorengana heltzeko», azaldu du Uriartek.
Gune euskalduna. Gaur egun 50 pelotari ari dira Adiskide Pilota Elkartean, hauetako 15 federatuak. Guztien artean neska bakarra dago eta kopuru hau handitzea da taldearen beste erronketako bat. «Amaia Aldai dugu orain gurekin entrenatzen eta hau neska gazteentzat erreferente izatea nahi dugu, ea gehiago animatzen diren frontoira etortzen. Neskek kirol alternatiba moduan ikusi behar dute pilota», nabarmendu du Uriartek.
Kirolean aritzeko bai, baina emaitzez haratago doan gunea da ere Adiskide: «Lehiaketa ez da garrantzitsuena. Errespetua nagusi den eta lagunartean aritzeko giroa da gurea. Emaitzak etorriko dira, eta horrela ez bada ere, galtzeak ekartzen duen irakaspena hartzen erakusten diegu, batez ere gazteei». Hau guztia noski, eremu euskaldun batean: «Euskaratik eta euskararengatik aritzen den gunea da Adiskide Pilota Elkartea». •