Auzoetarako proiektuak herritarrekin elkarlanean sortzeko egitasmoa jarriko du martxan Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Auzoetako herritarren beharrak aztertu eta proiektuak haiekin elkarlanean sortzeko helburuz, Udalak ‘Auzotik Galdakao’ egitasmoa jarriko du martxan. Ekimena bi eremuren azterketarekin abiatuko da: Aperribai, Olabarrieta, Txistulanda eta Jugu batetik; eta Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta, bestetik.
Galdakaoko auzoen egoera hobetzen jarraitu nahi du Udalak eta horretarako ‘Auzotik Galdakao’ egitasmoa jarriko du martxan. Honen bitartez auzoetarako proiektuak herritarrekin elkarlanean sortuko ditu, izan ere, «herritarren beharrizanei ahalik eta ondoen erantzuteko ezinbestekoa da herriaren, bertako guneen eta auzoen egoerak aztertzea».
Azterketa egiteko auzoak multzoetan banatuko dira eta bi eremutan hasiko da lanketa: Aperribai, Olabarrieta, Txistulanda eta Jugu batetik; eta Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta, bestetik.
Ikerketa parte-hartzailea izango da eta proiektuaren lehenengo fasean kokatuko da. Lehen pausoa auzokideei inkestak egitea izango da.
Inkestatzaile taldea auzo bakoitzeko hainbat etxetara joango da galdera sorta txiki batekin eta, nahi duenak, galdetegiari online erantzuteko aukera ere izango du. Ondoren, lanketa parte-hartzailea egingo da interesa dutenekin. Horretarako, jarduera bereziak egingo dira urtarrilean:
- Urtarrilaren 15ean, astelehena, 18:00etan Urreta 2 eskolan, auzoei buruzko hausnarketa, 2. eremuko herritar eta elkarteekin
- Urtarrilaren 16an, martitzena, 18:00etan Aperribai eskolan, auzoei buruzko hausnarketa, 1. eremuko herritar eta elkarteekin
- Urtarrilaren 21ean, domeka, 11:00etan, ibilbide gidatua 2. eremuko auzoetan zehar, azterketarako garrantzitsuak diren lekuak ikusteko
- Urtarrilaren 28an, domeka, 11:00etan, ibilbide gidatua 1. eremuko auzoetan zehar, azterketarako garrantzitsuak diren lekuak ikusteko
Azken ekintza hauetan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea erabaki.galdakao.eus plataforman, edo 688 83 04 79 telefono zenbakira deituta zein Telegram edo WhatsApp bidez mezua bidalita.
Galdakaoko EAJ-PNVk bi ordezkari izango ditu egitasmo honetan, «auzoek behar duten lana eta arreta sustatzeko eta horrela EAJ-PNVk joan den maiatzean egindako entzute aktiboa prozesuaren ostean ezarritako helburuak betetzeko». Jeltzaleek bi helbide elektroniko eman dituzte herritarrek nahi izanez gero haien eskaerak helarazteko: aolea@galdakao.eus eta kgoioaga@galdakao.eus.