Galdakoztar bat Euskal Bioteknologia Elkarteko lehendakari berria
Saioa Ibarretxe, biologoa
BINKE / 2020ko azaroa
Galdakoztar bat Euskal Bioteknologia Elkarteko lehendakari berria
TESTUA: Beñat Armentia
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Saioa Ibarretxe galdakoztarra da, 2018tik, Euskal Herriko Bioteknologia Elkarteko —EusBIOTEKeko— lehendakari berria, eta hamaika dira esku artean bere kideekin batera dituen proiektuak.
Gaztetatik biologiaren maitale izan da Saioa Ibarretxe (Galdakao, 1996) Euskal Bioteknologia Elkarteko —EusBIOTEKeko— lehendakaria. Unibertsitatera salto egin baino lehen argi zuen zelula zein mikroorganismoekin lotura zuen zerbait ikasi nahi zuela, eta hala egin ere: Bioteknologiaren Gradua ikasten hasi eta ordutik bere pasio bilakatu zen. Gradua amaitu zuela, zientzia honen esparruan ohikoak diren graduondokoak zein doktoretza egiteko aukerak baztertu, eta ikerkuntzaren bidetik jarraitu beharrean ospitaleetan lan egiteko BAME —Barneko Mediku Egoiliar— azterketa prestatzen hasi zen, eta horretan dihardu egun.
Orain bi urtetik hona EusBIOTEKeko lehendakaria da Ibarretxe. Elkarte hau Euskal Herriko Unibertsitateko Bioteknologia Graduko hainbat ikasleren eskutik sortutako egitasmoa da, eta taldearen sorreratik «zientzia honen sektorearen egoera sozio-ekonomikoa sustatzea eta hobetzea» dute ipar, Ibarretxeren beraren esanetan. Honen ustez, hiru dira finean EusBIOTEKen oinarri nagusiak: «Prestakuntzaren hobekuntza, mundu profesionalean integrazioa eta gizarteari begira zientzia honen hedapena egitea».
Bi urte hauetan bai Ibarretxe eta bai EusBIOTEKeko lankideak ohartu dira gizarteak bioteknologiaren inguruan duen ezagutza hutsala dela, «orokorrean ez dugu uste jendeak zientzia honen berri duenik, izenetik salbu». Honen inguruan hausnarrean aritu, eta jendeak haien alde egin zezan, zientzia honen ezagutza minimo batzuk gizarteari ezagutaraztea beharrezkoa dela ondorioztatu zuten.
Elkarteko kideek argi dute epe laburrean zein luzean ezinbestekoa izango dela bioteknologiaren erabilera, gizarteko hainbat sektoretan gainera: «Batzuk aipatzekotan: medikuntzan, ingurugiroa zaintzeko eta lantzeko ikerketetan edota energia iturri berriak garatzeko orduan egin beharreko azterketetan».
Hala ere, itzaletatik argitara pasa, bere bilakaerak aurrera egin eta bioteknologiaren helburu nagusiena lortu nahi bada, hots, zerbitzuak naturatik modu jasangarri batean lortu nahi badira, galdakoztarrak uste du «nahitaezkoa dela etorkizun handiko zientzia honetan diru publiko gehiago jartzea eta ikusgarritasuna ematea».
Bioteknologia hedatzearen bidean hainbat izan dira elkartetik sortutako programak. Besteak beste, azaroaren lehen astean ospatu berri den zientzia astean parte hartu zuten EHUrekin elkarlanean. Aurten modu presentzialean aurkezteko aukerarik izan ez badute ere, institutuetan eta ikastetxeetan erakusteko landare bioteknologiaren inguruko bideo bat prestatu dute. Bestetik, Espainiar estatu osoan antolatzen den Biotechnofarm proiektua martxan jarri dute. Egitasmo honen bitartez ikastetxeetara hurbildu eta zientzia honen zutarri nagusiak zeintzuk diren azaltzeko aukera izango dute. Gainera, bigarren saio baten bitartez, ikastetxe hauetako ikasleak unibertsitateko laborategietara joan eta bioteknologia hurbiletik bizitzeko aukera izango dute. Honetaz guztiaz gain, formakuntza saio, jardunaldi edota orientazio programa bezala egitasmoak dituzte esku artean, eta denaren lehenadakari da Saioa Ibarretxe galdakoztarra.