«Haurrak, haurrak etxean», Ainara G. Goitiandia
Zokoratutako berbak
Ainara García Goitiandia
BINKE / 2024ko urtarrila
Euskal Herrian ez omen da umerik jaiotzen. Eta ez hori bakarrik, emakumeak solterak manteniduten gara eta horretan tematu gara. EAEn 1975ean 41.400 haur jaio ziran, 2022an barriz 13.636. Gaur egun, 37 haur erditzen doguz egunean. Nafarroan barriz, egoera txarrerra egiten ari da dramatikoki. No future.
Datozen urteotan emakumeen %45ak ez dau haurrik izango. Haurren fabrikak ixten eta deslokalizatzen hasi gara. Eta gizarteak, moral kristauak eta kapitalak bere segurtasun mekanismoak martxan jarri dabez
emakumeenganako kontrola lortzeko.
Herriaren kontra egiten dauan ama berekoi, gaizto eta indibidualistaren kontakizunaren bitartez, jaiotze-tasa igo nahi dabe. Errealitatea bestelakoa da. Geroz eta ikasketa gehiago, botere ekonomiko handiagoa, gizonekiko independentzia eta etxetik kanpoko lanpostu gehiago lortu, orduan eta haur gutxiago erditzen doguz. Hau da, independentzia ekonomikoa eta ezagutza gure gizartea antzutzen ari dira. Eta ez da amatasuna eta gizonekiko harreman sexoafektiboak berez errepresiboak diralako, bihurtu dabezalako baizik.
Kapitalak gaur egun ez dau eskulan merkerik behar, mekanizazio industrialaren fenomenoa eta gizakien masifikazioa, eta dagoan gehiegizko eskulana dala eta. Kapitalak langiletxoak beharko baleukez, etxean eta sukaldean giltzapetuko gaitue barriro. Sistema patriarkal eta kapitalistak, gure amatasuna erabili dau kontrol modu bezala, eta kontrol modu hori ekuazioaren beste erdiak mantentzen dau bizirik, gizonek.
Gurean, hainbeste Bertin Osborne daukaguz eta gehienetan, gizonek zaintza partekatua lortu badabe eta ardura euren amei pasatzerik ez badaukie bakarrik inplikatzen dira hezkuntzan. Errealitatea da, jaiotze-tasa mantentzeko prestazio sistema barik, gizarte laguntza sistema barik, gizonezkoen benetazko inplikazio barik, emakumeok ez daukagula hazkuntza lan hori bakarrik egin gura. Haurren hazkuntza eta hezkuntza gizarte guztiaren lana eta arazoa izan beharko leukelako, eta ez soilik emakumeen beharra, ez dakit zein arrazoi moralengatik. Gaur egun, haurren hezkuntza emakumeen kartzela zigorra bihurtu dabelako, gure amatasuna kontrolatu, gure gorputzak fiskalizatu eta hazkuntza eragotzi deuskue lan eta gizarte eskakizun eginezinen bidez.
Hori bai, emakumeak beti berekoi.