Hauspotu ekimenaren berri eman zitzaien ostalari eta dendarien ordezkaritzari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Hizkuntza eskubideetan landu nahi duen Hauspotu ekimen berriaren nondik norakoak gertuagotik azaltzeko asmoz, ostalari eta dendarien ordezkaritzarekin batu ziren ekimenaren hiru erakunde sustatzaileak.
Hizkuntza-eskubideen alorrean lan egin gura duen Hauspotu egitasmoa aurkeztu zuten jendartean Galdakaoko Udalak, BAGABIZ euskara elkarteak eta BINKE hedabideak abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusiaren baitan.
Orain, aipatutako hiru erakunde bultzatzaileek ekimen honen lehenengo pausoak diseinatzen dituzten bitartean, Galdakaoko Gu Dendari elkarteko arduradun batzuei eta Gertutasuna ostalarien elkarteko ordezkari bati Hauspoturen berri eman zitzaien urtarrilaren 31n.
Torrezabal Kultur Etxean egin zen bilera horretan Galdakaoko Udalaren ordezkari Izaskun Barbarias Euskara zinegotzia eta Monica Bailón Enplegu eta Sustapen Ekonomikorako zinegotzia egon ziren, besteak beste. BAGABIZ elkartearen ordezkari Karmele Arrieta kidea egon zen eta BINKEren ordezkari Jon Gomez Garai hedabideko koordinatzailea.
Aurkezpen-bilera horretan Hauspotu sortu izanaren zergatia azaldu zitzaien dendarien eta ostalarien ordezkariei, eurek beraien elkarteetan horren berri eman dezaten. Hala nola, argitu ere egin zitzaien ekimen berri honek ez duela «inor publikoki seinalatu ezta salatu nahi, euskaraz ez jakiteagatik», eta merkatari guztientzako «lagungarri» ere badela ekimena. Azken puntu horri lotuta, Udalak gogorarazi egin zien euren beharrei ere erantzuteko badagoela ekimena, izan zuzenketekin, itzulpenekin edota euskararekin lotutako edozein laguntza motarekin ere.
Atsegin handiz hartu zuten ekimenaren berri, eta aurrerantzean Hauspotu ekimena abian jarri duten erakundeekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu zuten dendari eta ostalariek ere.