Galdakaoko anbulatorioko erabiltzaileak aztertuko dituzte osasun tratamenduak diseinatzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Barrualde-Galdakaoko ESIa
Barrualde-Galdakaoko ESIak osasun-ikerketa batean parte hartuko du hurrengo hogei urteetan, gaixotasunen kausak eta hauen tratamendua aztertzeko. Zehazki, Galdakaoko, Etxebarriko eta Arratiako anbulatorioetako erabiltzaileekin egingo da azterketa.
Barrualde-Galdakaoko ESIan IMPaCT kohortearen ikerketa hasi da. Horren helburua datozen hogei urteetan biztanleriaren adierazgarri den lau mila pertsonaren osasun-analisi sakona egitea da, «gaixotasun nagusien jatorria hobeto ulertzeko eta, horrela, gaixotasun horiek prebenitzen eta tratatzen laguntzeko».
Euskadin, Osakidetzako lau anbulatoriok parte hartuko dute azterketan, horietako hiru Barrualde-Galdakaoko ESIkoak: Galdakao, Etxebarri eta Arratia. Laugarrena Donostialdeko ESIkoa da.
Bizkaian koordinaziorako egoitza nagusia Galdakaoko anbulatorioan dago, eta 16 eta 79 urte bitarteko udalerriko biztanleekin harremanetan jarri dira honezkero. Aurrerago, Etxebarriko eta Arratiako bailarako auzotarrak hasiko dira biltzen.
Jarraipen hori hogei urtez egingo da eta datu medikoak, biologikoak eta soziodemografikoak jasoko ditu. «Datu horiekin, osasunaren faktore erabakigarrien ezagutzan sakondu nahi da, pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokituko diren osasun-programak eta tratamenduak diseinatzeko», azaldu dute Osakidetzatik.
Proiektuko taldeak parte-hartzaileen informazioa jasoko du Galdakaoko anbulatorioan egingo diren galdetegien, miaketa fisikoen, proba fisiologikoen eta biomarkatzaileen analisien bidez.
«Herritarren lankidetza funtsezkoa da. Espero dugu parte hartzen duten osasun-zentroetan artatutako pertsonek proiektuaren potentziala ulertzea, eta horrek herritar guztien osasuna hobetzean eragina izango duela», adierazi du Pilar Echevarriak, Galdakaoko Lehen Mailako Arretako Unitateko buruak. «Zure osasun-zentrotik deitzen badizute, ez izan zalantzarik, eta etorri», azpimarratu du Echevarriak.