Ahots bako rock doinuetan aurkeztu du «Athalase» diska Ro taldeak Sormenen
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Ahots bako rock doinuetan aurkeztu du «Athalase» diska Ro taldeak Sormenen
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Sormeneren azken egunean, kontzertuekin bukatzeko Ro izan da taulara igotzen seigarren eta azken taldea. Rock doinuak eta kantatu gabekoak ekarri ditu talde giputzak Galdakaora.
Gorka Alcaldek, Iker Amenabarrek, Iñigo Gonzalezek, Mikel Iraetak eta Jos Usobiagak osatzen dute Ro taldea, eta haien lan berria aurkeztu dute gaur Sormeneren agertokian: «Athalase». Martxoaren 27an plazaratu zuen taldeak diska berria. Azpeitikoak eta Azkoitikoak dira Ro osatzen duten taldekideak, eta bost kanta desberdinez osatutako lana aurkeztu dute, Zestoako Gaztain estudioaetan ekoitzia. Generoari dagokionez, rock instrumentala eta post rock musika dira besteak beste jorratzen duten musika generoa, eta 2018ko ekainean hasi zuten musika taldearen ibilbidea, «Ilhunbean esan-eginak» lehen lanarekin.
Sanplerrak erabiltzen dituzte kasu askotan, eta pedalen bitartez kutsu elektronikoa ematen diote sortzen duten horri. Bi gitarra, baxu bat eta bateria batek hornitzen dute taldea, eta berezitasun nabarmen batek bereizten diete: ez dutela ahotsik erabiltzen, hots, bide instrumentala da erabiltzen dutena. Orokorrean melodia ilunak, baina aldi berean melodikoak eta erritmo geldoz beterikoak dira abesti askotan erabiltzen dituztenak. Musika esperimentala, gitarraren distortsioekin jokatuz tarteka, baina besteetan berriz melodia garbiagoak erabiliz gitarraren soloen bitartez.
Hala ere, zera diote: ahotsik erabiltzen ez duten arren, sortzen duten musika horrek baduela atzetik mezu bat, instrumentuekin bada ere. Musika bera beste hizkuntza bat bezala definitzen dute, eta egiten duten hori, era batean edo bestea, jendearengana iristeko, eta norbanako bakoitzari zerbait adierazteko kapazak direla sinisten dute. Bestetik, konposaketa lanak Gorkak egiten dituen arren, hau lokalera behin eraman, eta gainontzeko taldekideek jaso duten horri ekarpenak egiten dizkiotela diote Ro-ko taldekideek. Horren adibide dira, adibidez, pedalen bitartez kantei egiten dizkieten moldaketak, edota inprobisazioaren bitartez lortzen dituzten forma desberdinak.
Egitarauarekin jarraituz, behin hiru taldeek jo ondoren Nerea Arizabarreta eta Mariano Hurtadoren txanda izango da orain. Bi hauek, «Ezberdin bezain eder» izena duen ipuin kontaketa bat eskainiko diete etxeko txikiei, instrumentuak lagun. Ondoren, eguna eta ekimena bukatzeko, Aiko taldeak «mutil dantza denontzat» ikastaroa eskainiko du.
Gogoratu Sormeneko azken saio hauek ere gure webguneko hasiera-orritik jarraitu ahal izango direla streaming bidez.