Parte Hartze Ordenantza izango du Galdakaok lehen aldiz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko udalbatzak osoko bilkura egin zuen atzo, martxoak 21, eta besteak beste, Parte Hartze Ordenantza lehen aldiz sortzea onartu zuen. Honen helburu nagusia «erabakietan herritarren parte hartzea sustatzea da».
Hilabeteko azken eguenean egin ohi ditu osoko bilkurak Galdakaoko udalbatzak baina martxoan data aurreratu du, Aste Santua dela eta. Atzo, martxoak 21, antolatu zuten bilkura eta hainbat gai eztabaidatu ziren honetan.
Besteak beste, hainbat proiekturen egikaritza ziurtatzeko aurtengo aurrekontuetan
2.904.000 euroko maileguari baja eman eta diru hori diruzaintzako gerakinetik erabiltzea; Galdakao Garbiketak enpresak urtarrilean egindako lanei dagokien faktura ordaintzea eta Auzotik Galdakao parte hartze egonkorrerako egitasmoaren lehen bi eremuetarako lurralde kontseiluen osaera onartu ziren.
Halaber, Galdakaoko Parte Hartze Ordenantza lehen aldiz sortzea adostu zuen udalbatzak, Udal Gobernuko aldeko botoekin eta EAJ-PNVren eta PSE-EEren abstentzioekin.
Herritarren parte hartzea sustatu eta horien eta Galdakaoko Udalaren arteko harreman bideak arautzea da ordenantzaren helburua, «erabakiak hartzeko prozesuetan eta udal intereseko gaien kudeaketan herritarren parte hartzea erraztu eta bultzatzeko».
Ordenantza hau duela hainbat hilabete hasi zen prestatzen Galdakaoko Udala. Zehazki, zenbait ekintza bildu dituen partaidetza prozesu publiko bat abiatu zen 2022an herritarren, elkarteen, kolektiboen, udal teknikarien eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoen ekarpenak eta ideiak jasotzeko.
Ordenantza honek 170 artikulu ditu, 9 titulutan banatuta:
- Gai orokorrak sartu dira lehen tituluan, hala nola, ordenantzaren xedea edo parte hartzeko bide eta tresnen printzipioak. Hau da, gardentasuna, publizitatea, argitasuna, informaziorako sarbidea, neutraltasun instituzionala, etab.
- Udalaren aurrean herritarrek parte hartzeko dituzten eskubideak jaso dira bigarren tituluan.
- Hirugarren tituluaren helburua da herritarren ekimena arautzea. Udalak interes orokorreko eta Udalaren eskumeneko jarduera jakin bat sustatzera bideratutako auzokideen ekintza da herritarren ekimena. Adibidez, galdakaoztarrek parte hartze prozesuak abiaraztea, haien interesekoak diren gaiei buruzko kontsultak egitea edo Osoko Bilkurako gai zerrendan gai bat sartzea sustatu ahal izango dute. Eskaera hauek, eta egin daitezkeen beste batzuk ere, sinadura bilketaren bidez babestu behar dira. Sustatu nahi den ekintza motarako beharrezkoa den sinadura kopurua ere jasotzen du ordenantzak, besteak beste.
- Laugarren tituluak honako hauek arautu ditu: partaidetza prozesuak, horien xedeak, sustapen, onarpen eta deialdi modua, parte hartzera deitutako pertsonak, ekitaldien eta eztabaiden faseak eta funtzionamendua. Baita prozesu horien funtzionamendu egokia bermatzeko organoak ere. Beraz, parte hartze prozesuek marko argi bat izango dute eta zehaztuta egongo da nork, nola, noiz eta, batez ere, zertarako parte hartuko den. Hau aurrerapauso garrantzitsua da prozesuen gardentasun eta trazabilitateari dagokionez.
- Parte hartze organoak arautzen ditu bosgarren tituluak; bai sektorekoak (gai zehatz bati dagozkionak), bai lurraldekoak (lurralde osoari edo haren zati mugatu bati dagozkionak). Parte hartze organoak espazio egonkorrak dira, herritarrak eta Udala elkartu, eta aurrez aurre hitz egiteko aukera ematen dutenak. Parte hartze organoak dira, esaterako, Berdintasun Kontseilua (sektorekoa) edo Lurralde kontseiluak (lurraldekoa).
- Seigarren tituluak partaidetzarako beste mekanismo batzuk jasotzen ditu, hala nola bilerak, parte hartzeko tailerrak eta herritarren laborategiak. Baita udal jarduerako hainbat sektoretan akordioak adostea pertsona edo erakundeekin eztabaidarako guneak sustatzeko.
- Zazpigarren titulua kontsultei buruzkoa da, herritarren iritzia eskatzeko udal eskumeneko gaietan. Ordenantzak arautzen du zeri buruz kontsultatu daitekeen edo ez, botoa emateko moduak (presentziala edo digitala), bermeak, kontsulten izaera loteslea edo kontsultiboa, etab.
- Ekintza komunitarioari eta komunitatea indartzeko jarduerei buruzkoa da zortzigarren titulua. Titulu honetan ekintza komunitarioa laguntzeko baliabideak arautzen dira, hau da, espazioak, baliabide ekonomikoak edo Udalaren eta herriko eragileen arteko lankidetza arautzeko hitzarmenak, besteak beste.
- Herritarrek parte hartzeko dituzten informazio eta komunikazio bideak eta parte hartzeko plataforma digitala jasotzen dira bederatzigarren tituluan. Adibidez, parte hartze plataforma digitalak Galdakaoko Udalak erabiltzeko izan behar dituen ezaugarriak: gardentasuna, trazabilitatea, konfidentzialtasuna…