Tximelarre Goikoa zergatik da «Kapi»?
Aldekoa Kapitaina
BINKE / 2021eko urtarrila
Tximelarre Goikoa zergatik da «Kapi»?
TESTUA: Beñat Armentia eta Julen Urrutxurtu
ARGAZKIA: Espainiako Aire Armada
Asko dira Tximelarre edo Tximiolarra Goikoari «Kapi» deitzen diotenak. Bertako jaiak ere Kapiko jaiak dira. Baina, nondik dator izen hori? «Capitán Aldecoa» izenetik. Hala zuen izena lehen Galdakaoko auzo honek, eta erreportaje honetan Aldekoa kapitaina nor zen deskubritu dugu.
Askotan garrantzirik eman ez eta jaramonik egiten ez den arren, Galdakaon eta Usansolon aurki daitekeen kale eta auzo orok badu bere izenaren ondotik honen zergati bat. Batzuetan gertakari konkretu baten edota pasarte zehatz baten oroigarri, besteetan aldiz itzal handiko norbaiti gorazarre, edota inguruetako mendi eta lautaden zigilu, askotarikoak dira herrian bertan aurkitu daitezkeen adibideak. Horren isla da, esaterako, egun Tximelarre —edo Tximiolarra— Goikoa izenez ezagutzen den auzoa. Belaunaldi berrien artean hala ikasi bada ere, beste izen batez izan zen auzo hau deitua: «Capitán Aldecoa», edo Aldekoa Kapitaina.
Duela gutxira arte horrela ezagutzen zen. Frankismo garaitik demokraziara salto egin eta Galdakaon lehen aldiz hautetsi zen Udal Gobernuak aldatu zuen izenez auzoa, Pedro Egileor alkate zela. Geroztik, duela hamarkada batzuetako goitizenak galdu du bere oihartzuna, baina esanguratsua da, hala ere, uztaileko amaieran auzoan ospatzen diren jaietan antzinako izenak hor dirauela, «Kapiko Jaiak».
Goazen beraz errora: nor zen Aldekoa Kapitaina? Vicente Aldecoa Lecanda, 1919an Bilbon jaiotako galdakoztarra zen. Dinamita enpresako behargina zuen aita, Antonio Aldecoa Olabarrieta, lantegiko ingeniaria eta zuzendaria. Gerra Zibila hastearekin batera egin zuen Euskal Herriko iparraldera ihes familia karlistak, Hendaiara, haien sei seme-alabekin batera. Gerra bukatu ondoren, Gasteiza joan ziren bizitzera, eta hortik urte gutxira EXPAL —Explosivos Alaveses— enpresa sortu zuen Antoniok, erreportaje honetako protagonistaren aitak.
Amets baten bila. Aldiz, Vicente, familiako girotik aldendu eta 1937an Bilbora itzuli zen. Sorterrira bueltatu bezain laster, Begoñako Andra Mari Erreketeen Tertzioan sartu zen, boluntario. Hamazortzi urte besterik ez zituen garai hartan, eta gazte izanda ere argi zuen zein zen amesten zuen etorkizuna. Bere aitak askotan errepikatu zion ingeniari ikasketak egin behar zituela, baina protagonistak hori egin ordez, beste bide bati heldu eta txikitatik amesten zuen horri eutsi zion. Karrera militarra egitea zen, hain justu, beti nahi izan zuena, eta hala egin ere. Urte hartan beraz, aitak barneratu zion bizitza proiektua baztertu eta bere bideari ekin zion Vicentek.
Francoren armadan parte hartu zuen Bizkaiko, Santanderreko eta Asturiaseko kanpainetan. Hiriekin segi, eta aurrekoetan ibili ondoren Teruelera bidali zuten, honela, Ebroko Batailan zauritua izan, eta kondekoratu zuten arte. Hala ere, bere ibilbide militarra ez zen hor bukatu, zauriak sendatu eta izandako istriputik bi hilabetera abiazioan sartu baitzen pilotu gisa prestatzeko. Honela, Gerra Zibila amaitu baino lehen, gerra-hegazkineko pilotu titulua lortu zuen.
Nabarmentzekoak dira ondotik izandako hainbat bizipen. Esate baterako, Adolf Hitlerren armadarekin batera parte hartu zuen Errusiako fronteko Eskuadrila Urdinean. Kasu honetan, zazpi hilabetez egon zen bertan, eta besteak beste Errusiako Kanpainaren Hirugarren Eskuadrilan egon zen han igarotako hilabeteetan zehar. Guztira, 117 gerra misio egin zituen Alemaniako gobernadore faxistaren mandatupean, horien artean 20 aire borroka izanik, eta hauetan zehar zortzi hegazkin «etsai» eraitsiz. Urte haietan jokatutako «paper garrantzitsuaren eta izandako antzezpen bikainen» eskupeko gisa, domina militarra jaso zuen Aldekoa Kapitainak.
Azken urteak. Handik eta urte batzuetara, denbora laburrean mugako hamaika gerrate eta bataila bizi ondoren, Visitación Regueral Paz emakumearekin ezkondu zen 1946. urtean. Emakume hau ez zen edonor, Bizkaiko gobernadore zibil ohia zen Fernando Gonzalez-Regueral teniente koronelaren biloba baitzen. Garai hartan izen handikoa zen eta aski esanguratsua zen teniente koronelaren bilobarekin batera bost seme-alaba izan zituen: Visitación, Dolores, Fernando, Elisa eta Pilar.
Hiru urte beranduago, 1949. urtean, kapitain izendatu zuten Vicente, eta aurrekoarekin batera, Airearen Akademia Orokorreko hegaldi-irakasle izendatu ere. Beranduago, 1952an, «Cuatro Caminos» Aire Maestrantzara igaro zen, pilotu-probatzaile lanetan.
Gazte hil zen Aldekoa Kapitaina, 34 urterekin. 1954ko maiatzaren 8an, Madrilgo Cuatro Vientos aerodoromoan aireko akrobazia lehiaketa batean parte hartzen ari zela, abiazio istripu bat jasan eta ez zuen bertatik salbatzerik lortu. Besteak beste: Bakarkako Militar Domina, Lehen Klaseko Burdinezko Gurutzea, Gudako Gurutzea edota Gurutze Gorria bezalako sariak jaso zituen bere ibilbidean zehar. Egun, bere emaztearen familiaren panteoian dago lurperatuta Tximelarre Goikoaren aurreko izena urte luzez eraman zuena, Leon hirian. •