«Paisaia zoragarria gozatuz», Estibaliz Apellaniz
Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2024ko apirila
Zorionekoak gara Euskal Herritar gehienok, edertasunez inguraturik bizi garelako. Batez ere gu, galdakoztarrok, mendi zoragarrien altzoan lekututa gaude eta.
Egin dezagun ames-bide bat: herrigunetik Elexalde auzora igo, eta iparralderantz begiratuz gero, Ganguren mendia dugu aurrez-aurre. Ekialdera begira jarrita, Oiz mendia ikusiko dugu. Mendi hau Tertziario Periodoko 50 milioi urte inguru daukaten hareharriz eta lutitaz osatuta dago eta Algortako Galea Puntatik Ermuraino doan toles sinklinalaren gunean kokatzen da. Arroka horiek, kareharriak baino ahulagoak eta galkorragoak direnak, gaur egun akuifero-erreserba oso handia osatzen dute eta Durangaldeko baserri askotako harlanduzko harriak bezala erabili izan dira.
Gure ames-bidean jarraituz, Oizetik hego-ekialderantz jotzen badugu, Aramotz mendilerro ederra ikusiko dugu. Arratia eta Durangaldea bereizten dituena da, eta, hortik hegoalderago, Gorbeia gure mendi gorena eta Lekandako haizpurua ikusten dira. Lekandako arrokak, eta jakina Aramotzekoak ere, fosilez beteta daude, arrezife-kareharriak direlako, hau da, harrigogortu zirenean, koralezko arrezifeak izan ziren, eta gaur eguneko arrezifeak bezala, jarraitasun laterala mugatua izan zuten. Horregatik mendi horiek, nahiz eta adin berekoak izan, mapa batetan bananduta agertzen dira.
Hegoaldera begira, Galdakaoko hirigunetik, ia ber-berton dauzkagu Mandoia eta Upo mendiak, gero Artanda, eta gure ames-bidea osatzeko, begiratu hego-mendebalderantz eta han daukaguz Ganekogorta eta Pagasarri. Galdakao, gora begira ames egiteko herria!