Coca-Colak Galdakaoko fabrikari eragingo dion 360 langileren berregituratzea iragarri du
Ekonomia
BINKE / 2021eko otsaila
Coca-Colak Galdakaoko fabrikari eragingo dion 360 langileren berregituratzea iragarri du
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: The Coca-Cola Company
Coca-Cola European Partners konpainiak espainiar estatuan 360 kaleratze egingo dituela iragarri zuen, eta sindikatuek Galdakaoko langileei ere eragingo diela baieztatu dute.
Urtarrilaren 29an iragarri zuen Coca-Cola European Partners (CCEP) konpainiak 1.500 pertsona kaleratuko dituela datozen hilabeteetan Europan. Horietatik 360 kaleratze espainiar estatuan aurreikusten ditu, eta plan horrek Galdakaoko Norbegari eragingo diola adierazi dute ELA eta USO sindikatuek.
Euskal sindikatuarekin batu da Binke, eta Norbegako langileek hedabide honi onartu egin diote «gauza handirik ez jakitea» oraindik, «baina enpresak ziurtatu egin deusku dagoaneko gure fabrikari kaltetu egingo deutsola berregituratze planak». Eta honek ez omen du Covid-arekin zerikusirik, ELAren arabera, «2014an martxan jarri eben enplegu-erregulazioko espedientearen (EEE) jarraipena baino ez dalako».
EEE honek bereziki arlo komertzialari eta informatikoari eragingo dio, eta Galdakaok dituen 350 langile ingurutik 20 aldera dira salmenta lanetan dabiltzanak. Informatika arloa azpikontratuta dauka herriko instalazioak eta, hortaz, langileek ez dute uste arlo horri eragingo dionik berregituratze plan honek.
Enpresak gutun bakarra bidali die lanean ari diren pertsonei, eta honek bakarrik aurreratu omen die berregituratze planarekin jarraitzeko asmoa: «Ez deuskue inongo daturik emon, ez dakigu Galdakon zenbat pertsonari eta zelan eragingo deutson EEE honek». Dakiten bakarra da, orain, negoziazio mahaia eratu behar dutela otsailaren 17rako, eta ostean hilabeteko epean dena adostuta eta berregituraketa gauzatuta egon behar dela.
Tamaina handiegia. Coca-Cola konpainiak «dimentsio erraldoia» hartu du mundu mailan, ELAren arabera, eta gaur egun Galdakaoko fabrikako herrikideak «txiki» sentitzen direla onartu dio langile talde honek Binkeri.
Neurri hori ulertzeko, errepaso pitin bat egitea komeni:
Botilaratzaile ezaguna Galdakaon Norteña de Bebidas Gaseosas Norbega izenez hasi zen 1956an, izenez eta izanez. Urteen poderioz, The Coca-Cola Company multinazionalarentzako esklusiban lan egiten hasi zela ikusita, Euskal Herriko beste lurralde batzuetara eta Espainiara hedatzen hasi zen enpresa galdakoztarra. Gaur Iruñean, Logroñon, Donostian, Gasteizen, Santanderren eta Burgosen ditu delegazioak Norbegak; eta guzti horiek, espainiar estatuko beste fabrika batzuekin eta Portugal zein Andorrako ordezkaritzekin batera, Coca-Cola Iberian Partners konpainian bilakatu ziren 2013. urtean.
Urte gutxi iraun zuen fusioak bere horretan, 2015ean iberiar penintsulako konpainia Alemaniako eta mendebaldeko Europan lan egiten duen —baina bere egoitza soziala Atlantan duen— beste bi konpainiarekin egin zuelako bat Coca-Cola European Partners sortuta.
Bat-egitea iragarri zenean Amsterdameko, New Yorkeko eta Madrileko burtsetan kotizatzen hasi zen CCEP, eta 12.600 milioi dolarreko irabaziak aurreikusten zituen urtean bere 27.000 langileei esker.
«Gaur egun, Norbegak izena abantaila fiskaletarako mantentzen badau be, izana Ingalaterran dauka gure konpainiak, eta aginduak Londresetik emoten dira», dio sindikatuak. Horregatik gaur egun, eta «ikusita gainera Australian eta Asian sozietateak erosten ari dirala, Galdakaoko langileak zenbaki hutsak gara enpresa honentzako», onartzen dute langileek.
Txikiak zein handiak izan, datozen asteetan jakinaraziko diote Coca-Colako langileek Binkeri zein izango den multinazionalak Galdakaon gauzatuko duen berregituratzea.