Fernando Izagirre Larrialdietako zuzendari berria izango da Jaurlaritzan
Eusko Jaurlaritza
BINKE / 2021eko martxoa
Fernando Izagirre Larrialdietako zuzendari berria izango da Jaurlaritzan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: EAJ-PNV
Fernando Izagirre galdakoztarra Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria izango da datorren martxoaren 26tik aurrera, eta beraz, DYAko presidente izateari utzi beharko dio.
Galdakaorekin oso lotutako bi kargu ditu Fernando Izagirre Aperribaiko semeak: DYArekin bertan hasi zen eta EAJko bozeramailea da gaur egun Galdakaoko Udalean. Hemendik aurrera, beste kargu altuago bat izango du Izagirrek, bera izango baita martxoaren 26tik aurrera Pedro Anituaren ordezko Eusko Jaurlaritzan, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari.
Berarekin hitz egiteko aukera izan du Binkek, eta dei hori izan da, hain justu, Izagirre Gasteiza bidean zegoela. Hasi da galdakoztarra Lakuara joaten, «egunero nabilelako egungo zuzendariarekin ikasten», aitortu dio galdakoztarrak hedabide honi.
Erretiroa hartuko du Pedro Anituak eta, Izagirreren berbetan, egungo zuzendaria bera izan da Eusko Jaurlaritzan Fernando Izagirreren izena proposatu duena bere ordezko. «Sailburuak ondo ikusi zuen eta horregatik izango naiz ni kargua hartuko duena», dio pozik herrikideak. Kargu berri horretan, hiru izango dira bere ardurak larrialdi eta meteorologia arloan: koordinazioa, planifikazioa eta esku-hartzea.
«Ilusioz eta ardura handiz» hartuko du kargua orain arte DYAn eta EAJn ezagutu dugun galdakoztarrak, eta horrela adierazi dio Binkeri: «Inkestek diote Eusko Jaurlaritzaren larrialdien zerbitzua dela herritarrek hoberen baloratzen dutena, 8,4ko notarekin. Beraz, maila horri eustea eta aukera dagoen heinean gauzak hobetzea izango da nire erronka nagusia».
DYA utzi beharko. Fernando Izagirrek 35 urte daramatza DYAri lotuta. Galdakaon hasi zen boluntario, ostean koordinatzaile izan zen eta 2016az geroztik erakundearen presidentea da, DYAren hirugarren presidentea.
Pasa den otsailaren 25ean gainera, Babes Zibilak ematen duen «Merituaren Domina» jaso zuten Gasteizen DYA-k, VOST Euskadik eta EDEKA-k, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariak emanda. Eta DYA-ren izenean, domina Izagirrek berak jaso zuen. Horrela eman genuen Binkeren Twitter kontutik horren berri:
DYAko karguarekin zer egingo duen galdetzean, «pena izugarriarekin baina kargua utzi beharko dut», aitortu du, «nahiz eta DYAn ez dudan ezer kobratzen, ez dira bateragarriak Eusko Jaurlaritzako Larrialdien zuzendari eta DYAko presidente izatea». Horrela ba, aste honetan bere dimisioa aurkeztuko du Fernando Izagirrek DYAn.
EAJko ordezkari. Politikan ere ibilbide luzea du Larrialdietako zuzendari berriak. Galdakaoko Udalean 2007tik dabil Euzko Alderdi Jeltzalerako lanean, eta bere arduratik hainbat zinegotzigo pasa dira. EAJren azken Udal Gobernuan —Ibon Uribe alkate zela— Hirigintza, Herrilan, Zerbitzu eta Etxebizitza arloa gidatu zuen Izagirrek.
Zuzenbidean lizentziatua da EAJko kidea, eta Galdakaoko azken udal-hauteskundeetan alkategai aurkeztu zuen bere alderdiak. Hauteskundeak irabazi egin zituen —botoen %26,44 eskuratuta—, baina hiru faktore nagusiren eraginez ez zuen alkate izatea lortu: EAJren 2015eko bederatzi eserlekuetatik hiru galdu zituen, EH Bilduk lautik seira egin zuen salto eta Auzoak plataforma herritarra gogor sartu zen —lehen aldiz Udalean— lau eserleku eskuratuta.
Hala ere, Fernando Izagirrek alderdian «orain arte bezala lanean» jarraituko duela esan dio Binkeri, eta DYAn ez bezala, EAJko bozeramaile izaten jarraitu ahal izango duela aurrerantzean ere.