LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, honako adierazpena egin du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gaur, ekainak 28, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, eta egun honen garrantzi historikoa nabarmendu nahian, adierazpen instituzionala onartu dute Galdakaon. Atzo adostu zuen adierazpena Galdakaoko udalbatzak.
Adierazpen instituzionala onartu du Galdakaoko Udalak, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna den ekainaren 28a, «E28»-a, nabarmentzeko. Egun honen garrantzia Stonewallen 1969ko ekainaren 28an bizitako istilu historikoetan dago oinarrituta. Lesbiana, gay, transexual eta, batez ere, trabestiak, poliziaren aurrean matxinatu ziren, azken hauen aldetik jasaten zituzten eraso, pertsekuzio eta xantaien kontra borrokatuz.
EAJ-PNVk aurkeztutako eta udalbatzak atzoko osoko bilkuran adostutako adierazpena honako hau da:
«Ekainaren 28an, LGTBI kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik, eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, kolektibo honen eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz. Egun hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogorarazteko ere bada.
Berdindu!tik, Eusko Jaurlaritzaren LGTBI kolektiboari informazioa eta laguntza emateko zerbitzu publikotik, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde ahaleginak batu dituzten pertsona eta erakunde guztiei. Bere dedikazioari, konpromisoari eta ausardiari esker, gaur lorpen garrantzitsuak ospa ditzazkegu giza eskubideen eta eskubide sozialen arloan. Pertsona horiek, beren eguneroko lanarekin, funtsezko zutabea izaten jarraitzen dute gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko, eta ingurune inklusiboagoa eta errespetuzkoagoa sortzen laguntzen dute.
Hala ere, pertsona guztien berdintasunean aurrerapen ukaezinak egin diren arren, oraindik diskurtso LGTBIfobikoen albiste kezkagarriak sortzen dira, lortutako lorpenetan atzerakada bat dakartenak. Diskurtso horiek, askotan ezjakintasunak eta gorrotoak elikatzen dituztenak, lortutako aurrerapenak desagerraraztea eta diskriminazioa iraunaraztea bilatzen dute. Funtsezkoa da gizarte gisa erne eta tinko egotea eskuratutako eskubideen defentsan; hala, sexu- eta genero-aniztasunarekiko duintasuna eta errespetua kaltetzeko edozein ahalegin baztertuko dugu.
Sexu- eta genero-aniztasunaren ikusgarritasunak gizarte gisa aurrera egiteko aukera ematen digu. Aniztasun hori aitortzea eta ospatzea, justizia-ekintza izateaz gain, komunitate gisa aberasten gaituen aukera ere bada. Ez dugu inolako atzerapausorik onartuko kolektibo osoko ehunka lagunen ahaleginari esker lortutako eskubideetan. Irabazitako eskubide bakoitza gizarte bidezkoago eta gizatiarrago baterako urratsa da.
Horregatik guztiagatik, ekainaren 28ak are garrantzi handiagoa hartu du. Berdindu!tik herritarrak ekintzetara animatzen jarraitzen dugu, gorroto-diskurtsoak eta giza eskubideen urraketak irmo salatzeko. Funtsezkoa da guztiok injustiziaren aurka hitz egitea eta elkarrekin lan egitea diskriminazio mota oro desagerrarazteko. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik lor dezakegu benetako aldaketa iraunkorra.
Badakigu sexu- eta genero-aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoa dela, neurri batean euskal gizarte osoaren elkarlanari esker. Lan hori funtsezkoa izan da armairurik gabe, loturarik gabe, aurreiritzirik gabe eta estigmarik gabe bizi ahal izateko, eta komunitatea eraikitzeko. Babes-keinu bakoitzak, ikusarazte-ekintza bakoitzak, mugimendu hori indartzen eta aurrera jarraitzeko gure erabakia berresten laguntzen du.
Horrenbestez, sentsibilizazio eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu leihoetatik eta balkoietatik kolore anitzeko banderak zintzilikatuz. Keinu txiki baina esanguratsu hori elkartasunaren eta babesaren erakusgarri da, eta agerian uzten du gaur aniztasunaren aldeko borroka eguna dela. Astintzen dagoen bandera bakoitza erresistentziaren eta itxaropenaren sinboloa da, atzera egiteko prest ez gaudela dioen adierazpena, hain zuzen.
Azkenik, gogorarazi nahi dugu LGTBI eskubideen aldeko borroka guztion borroka dela. Ezin dugu onartu gorrotoa eta intolerantzia nagusitzea. Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi ahal izango garen etorkizun baten alde lan eginez».