«Galdakaoko ondare historikoa», Estibaliz Apellaniz
Lurretik
Estibaliz Apellaniz Ingunza
BINKE / 2024ko abendua
Galdakoztarrok zorionaren txapeleko txori gara, mendi inguru zoragarriaz gain, ondare aberatsaz gozatzeko aukera dugulako: eliza zahar ikusgarria, mendiola eta burdinolak, dorretxeak, zubiak, iturri bereziak eta zer ez!
Joan den uztailaren 25ean, Elexaldeko hiru lagunek, Gangureneko kide batekin elkarlanean, sekulako ibilbide jakingarria burutu eta WIKILOC izena duen Interneteko aplikazioan jarri zuten. Googlen «recorrido patrimonio Andra Mari» jarriz aurki daiteke. Aplikazioan ibilbidearen laburpenaz gain, gehiago jakin nahi izanez gero, «Ver más»-en sakatuta, 35 orrialdeko ikerlana irakur daiteke.
Ibilbidea, Elexaldeko elizaurreko plazan hasi eta bertan amaitzen da, 6 km eta erdiko bide erraza baina gora-beheratsua egin ondoren. Gure herriko historiaren urratsak nonnahi ageri dira, taupadaka, itzalpean baina diztiratsu, erromatarren garaitik gaur egunera arte.
Ibilbidearen hasieran Andra Mari eliza zaharraren ezaugarri nagusiak azaltzen dira. Ibilian-ibilian laster gara aho biko iturri baten aurrean: batetik haitzura dator eta bestetik metalura. Uruburuko hareharrizko harrobietan gaur ez da entzuten tiriki-tauki-tauki mailu-hotsik, baina zenbat neke eta izerdi, jauregi askoren edergarri. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiaren mintegi zaharraren kokapena eta bai Galdakaoko lehen ur-deposituarena. Ikusgarri eder askoren artean aipatzekoa da Isasi Dorretxea.
Kontu-kontari goazen artean, gerra-oihartzunak datozkigu hemengo trintxerak eta aterpeak ikusita eta, igarri barik, heldu gara berriro Elizaurrera.
Lehenaren itzalez jantzitako ibilaldi jakingarria egin dugu lagunarte oparoan.