
«Zaintiratu- bedarrak», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2025eko martxoa
Martian udabarrian sartzen gara eta bedarrak biztu egiten dira loratzen joateko. Euretariko bat zain-bedar edo plantain-bedar izenekoa dogu. Bedarra, batez be, ganaduen janaria da baina bedar batzuk sendabiderako erabiltzen dira, zain-bedarra esaterako. Era bitako zain-bedarrak dagoz, arrak eta emeak. Arrak luzangak dira eta emeak labur eta zabalkoteak, eta bitzuek daukiez firu itxurako zainak eta hortixik jatorkie izena. Goazen sendabidera. Zaintiratuak edozertan dabilenari pasetan jakoz, eta mingarriak dira. Herri-kuranderuek zaintiratuak osatzeko erritual berezi bat egiten dabe mina dagoen lekuan, pertsona zein animalia izan. Erritual hori egiteko, orioa, ardoa eta gatza nahastu, berotu eta mihise bat bustiten da zaintiratua dagoan ingurua ondo igurdiz. Bizkaialdean, zaintiratuaren gainean zaintiratu-bedarrak ipintzen dira gurutzetara eta mina dagoan puntua igurdi esaera honen berba bakoitzeko: «Zan tiratu, zan urratu, zana bere lekuan sartu». Gero mihise oriotua ganetik jarri eta kito. Inoiz, ahopetik errezuak be egin izan dira, erara zein atzekoz aurrera. Garai bakoitzean, garaiko erremedioak, baina helburua bardina: mina kentzea. Min onik ez dago.