
Zahartu ahala hizkuntza gaitasuna nola aldatzen den aztertuko du EHUk Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: SeventyFour
EHUk zahartu ahala hizkuntza gaitasuna nola aldatzen den aztertuko du Galdakaoko Udalaren laguntzarekin. Horretarako, 60 urtetik gorako elebidunekin elkarrizketak egingo dituzte udaletxean, astelehenetik aurrera.
Nagusitu ahala hiztegi sarbidean gero eta zailtasun gehiago daudela ikertzen ari da Euskal Herriko Unibertsitatea eta azterketarekin jarraitzeko hainbat saio antolatu ditu Galdakaon, Udalarekin elkarlanean.
Saioak astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan izango dira, uztailean zehar eta hilaren 7an hasiko dira. Hitzorduak 09:00ak eta 14:00ak bitarte izango dira, udaletxean, eta 60 urtetik gorako euskaldunak daude deituta.
Ordubete inguruko banakako bilerak izango dira non galdetegi eta froga psikotekniko batzuk egingo diren, hizkuntza eta oinarrizko gaitasun kognitiboak neurtzeko. Ez dago erantzun zuzenik edo okerrik eta oso ariketa errazak izango dira. Parte hartzeko izena eman behar da, 946 012 912 telefonoan.
Arduradunek azaldu dutenez, proiektu honek hiztegiaren antolaketaren narriadura ez patologikoa eta aktibazio mentala bultzatzen duten aldagai esplikatzaileak identifikatzea du helburu. Horrez gain, sare kontzeptualen narriadura progresiboan elebitasunak izan dezakeen paperean sakondu nahi da. Hortaz, «ikerketa honetatik ateratako emaitzek zahartzaroan komunikazio eraginkorra sustatzen lagunduko dute, baita zahartzaroari lotutako garapen osasuntsua eta garapen patologikoa bereizten ere».
Halaber, ahalbidetuko du, besteak beste, gaixotasun neurodegeneratiboen detekzio goiztiarrean aurreratzea.