Hasi da Sormene euskal kulturaren soka astintzen
Sormene
BINKE / 2021eko azaroa
Hasi da Sormene euskal kulturaren soka astintzen
TESTUA: Xabi Ealo Díaz
BIDEOA: Binke
Gaur hasi da Sormeneren bigarren edizioa, goizean ikasleentzako tailerrak egon dira Formol Laborategiaren eskutik eta arratsaldean, aldiz, Elbira Zipitria eta emakume irakasleak ardatz, hainbat ekitalditxo izan dira.
Goizeko hamarrak aldera eman diote hasiera «Sormene, Galdakaoko sorkuntzen plaza» egitasmoaren bigarren edizioari. Udalaren izenean Asier Bidart Udaleko hizkuntza normalkuntzarako teknikaria igo da Torrezabal Kultur Etxeko oholtza gainera eta bertaratu direnei ongi etorria emateaz gain, Sormene zer den azaldu die Eguzkibegi Ikastolako eta Elexalde Institutuko ikasleei.
Adi-adi jarraitu dute udaletxetik helarazi nahi izan dieten mezua, eta adi-adi ere bai Intza Alkainek eta Mikel Ibargurenek gidatu duten antzerki tailerra. Biek, Edurne Azkaraterekin batera, Formol Laborategia osatzen dute, eta euren izenak dioen moduan, antzerkian esperimentatzen dabiltza.
«Album. Zer egiten du ostruka batek arrainontzi baten barruan?»Antzezlana sortzeko eman dituzten pausoak azaldu dizkiete ikasleei, eta euren parte hartzea ezinbestekoa izan da, gogotsu hartu dute parte ikasleek gainera. Ostruka batek eta pertsona batek dituzten antzekotasunak nabarmendu dituzte, beldurra esaterako. Horren ostean, bost puntutan, obra eraikitzeko jarraitu dituzten urratsak azaldu dituzte.
Milenialek dituzten kezkak, beldurrak… amankomunean jarriz hasi zuten obraren sortze prozesua. Antzezlanean erabiliko dituzten objektuak, musikak eta abarrekoak erabakitzea litzateke bigarren pausoa eta horiekin albumak sortzea. Albuma osatzen duten «argazki» horiek eszenak lirateke, kasu honetan aktoreek eurek esan duten moduan «jarraipen kroniko barik».
Behin horiek azalduta, ikasleen parte hartzea eskatu dute eta halako batean, aretoa ostrukez bete da. Eserlekuetatik altxa, eta eskuak gora jasoz, gero makurtuz, ostrukak balira moduan jarri dira ikasleak.
Azkenik, obran erabiltzen dituzten jantzien berri eman diete, baina aurretik, antzezlanaren testuak nola sortzen dituzten ere kontatu dute. Eta horretan ere, ikasleen parte hartzea ezinbestekoa izan da. «Zer da motxila? Motxila da beltza, motxila da ostruka…» hasi dira aktoreak oholtza gainean eta atzetik ikasleak: «Motxila da TikTok, motxila da arropa, liburuak, janaria, telebista, maleta, arrosa, mugikorra, musika, txokolatea, mundua, dirua, lagunak, bizitza, errespetua… motxila gara guztiak». Motxila bete gauza egin dute buelta ikastetxera ikasleek.
Batzuk joan eta beste batzuk etorri. Goizean ikasleekin egin moduan, arratsaldean orotariko publikoari bideratu diete agurra Udal agintariek, Edurne Espilla zinegotziaren presentzian eta Iñigo Hernando alkatearen taula gaineko hitzetan.
Horren ostean, Kontxita Beitiari oroigarria eman dio alkateak. Kontxita Elbira Zipitriaren ikaslea izan zen, eta hain zuzen ere, Zipitria bera protagonista duen Maider Oleagaren «Muga deitzen da pausoa» izeneko film-dokumentala ikusi dute. Politikaria, hizlaria, irakaslea eta batez ere, euskaltzalea zen Elbira Zipitria eta bera izan zen Frankismo garaian lehen Ikastola ireki zuena, modu klandestinoan, noski. Bertaratu direnek txalo zaparrada batez eman diote amaiera filmaren proiekzioari.
Eta Sormeneren lehenengo eguna bukatzeko, Joana Lasheras kazetariak gidatutako mahai-ingurua egin dute «Emakume irakasleen ekarpen historikoa euskararen eta euskarazko kulturgintzaren transmisioan» izenburupean. Bertan Kontxita Beitiak berak, Begoña Bilbaok, Karmele Perez Urrazak eta Bakarne Begoñak euren bizipenen berri eman dute eta egungo hezkuntza sistemaren inguruan zenbait hausnarketa egin dituzte, hala nola, euskara erakusteko modua, ikastetxe batetik besterako aldaketa, irakasle izateko euren arrazoia…