Leire Arana eta Ander Silvano: «Hildakoei merezi duten errespetua emango diegu»
Aranzadi Zientzia Elkartea
BINKE / 2022ko otsaila
«Hildakoei merezi duten errespetua emango diegu»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Aranzadi Zientzia Elkartea
Begoñako hilerria Bilboko memoriaren eta ondarearen parte garrantzitsu da, eta hainbat urtez erabili gabe egon bada ere, «Begoñako argia» proiektua garatzen ari da Aranzadi Zientzia Elkartea Bilboko Udalarekin, bere balioa eta memoria berreskuratzeko asmoz. Lan horretan bi herrikide daude: Leire Arana usansolotarra eta Ander Silvano galdakoztarra.
Begoñako hilerriaren historia ikertzen ari dira Leire Arana (Usansolo, 1995) eta Ander Silvano (Galdakao, 1995) Aranzadi Zientzia Elkartearentzat. Historian graduatuak biak, gaur egun arkeologo lanetan dihardute hilerriko gorpuzkiak desobiratu eta garai bateko errautsen azterketa egiten.
Modu laburrean, nola azalduko zenukete zertan ari zareten? Labur esanda, Begoñako herritarren historia berreskuratzen ari gara; 1862tik —hau da, hilerria erabiltzen hasi zenetik— XX. mende bukaera arte dagoen tarte horretan ehortzitako Begoñako bizilagunen arrastoak ateratzen eta ikertzen. Hala ere, gure esku-hartzearen zergatia konplexuagoa da, izan ere, proiektua bera gaur egun hilerria kokatzen den lekuan parke bat egiteko ideia onartu zenean sortu zen.
Zein ekarpen ekarriko dizkio zuen lanak Bilbori eta, oro har, Euskal Herriaren historiari? Hilerria 1862-2005 urteen artean erabili zen. Hortaz, gerrako testuinguruaz gain, indusketak aldi zabalago baten inguruko informazioa ere emango digu, auzoaren eta orokorrean Bilboko memoria historiko zabala aberastuz. Adibide bezala, ume batzuek dituzten errakitismo patologiak eta helduek dituzten zenbait adierazle ere gaur eguneko bizi estilo oso ezberdinen isla dira, gure imajinario kolektibotik aldetzen direnak, alegia.
Gerra Zibileko hainbat arrasto tarteka, ezta? Garai honetako zenbait hildako ditugu, bi bandoetakoak. Eta garaiko erakusle zen kaosarekin eta hildako kantitate masiboarekin informazio asko galdu egin zen. Askotan, artxibo historikoetan dauden dokumentuetan —gerran desagertutako pertsonen informazioa agertzen den arren— senide askok ez dakite euren aita, osaba, anaia, ama edo dena delakoa non hilobiratu zuten, edo hilobiratu zutenik ere. Azkenean proiektu honen bitartez, askok euren senidea hamarkada luzeen ondoren kokatu eta euren bizipena ezagutu dezakete. Beraz, bai, gerra garaiak badu bere garrantzia, denbora hartan familia askoren eskubideak urratu ziren eta hauek berriro batu ezin badira ere, sikeran hildakoei merezi duten errespetua eta justizia aukera emango diegu. Baina esan bezala, hilerria ez zen gerra garaira mugatu eta honek Bilbo eta inguruko gizartearen ezaugarrien inguruko informazio asko eman ahal digu.
Proiektu multidisziplinarra da zuena, hau da, aditu ugari ari zarete elkarlanean. Hala da, gu alor arkeologikoan aritzen gara, baina gurekin batera antropologoak eta osteologoak ere badaude hezurrak aztertzen, geologoak bere aldetik hilerriko material litikoak aztertzen, historialariak artxibotako dokumentazio lana egiten, topografoak aurkitzen dugun dena mapetan kokatzen… eta baita kriminologia, antropologia eta arte ederretako graduetako eta masterretako ikasleak ere praktikak egiten daude. Gure ustez, garrantzitsua da zientzia ezberdinak uztartuz lortu daitekeen informazioa eta ondorioak ateratzea, oraindik goiz den arren, emaitzak globalagoak izango baitira.
Zein da gorpu bat desobiratzeko orduan erabiltzen duzuen metodologia? Lehendabizi hilerriaren ezaugarriak kontuan izaten ditugu, eta handiak diren kasuetan makineria erabiltzen dugu azaleko lur kapa kentzeko. Bitartean, operarioak mugitzen duen lurra begiratzen egoten gara eta hilobi baten lehenengo zantzuak ikustean lekua markatzen da estaka batekin. Normalean hilobiratze maila ezberdinak daude eta hauek sektoreka aztertzen joaten gara, baldintza klimatikoengatik bereziki.
Eta ostean? Behin hildakoa lokalizatzen dugunean «lan fina» dator, kide batek edo bik eskuz egiten duguna. Honen helburua, hilobiaren ezaugarriak, hilkutxa, apaindurak, etab. aztertzea eta hildakoarenak ere ikustea da, postura, objektuak, karerik daukan…
Erraz egiten dira desobiratzeak, beraz. Ez. Hildakoa ez da segituan ateratzen, behin hezur denak agerian ditugunean dokumentatu egiten da, patologiak eta hezurduren ezaugarriak aztertu eta idatzi, argazkiak atera eta metodo arkeologikoan erabiliena den unitate estratigrafiko zenbaki bat ematen zaio. Modu honetan, eskema estratigrafikoa eginez, hilobiratzeen ordena ulertu dezakegu. Azkenik, hezurrak atera eta kasu oso bereziak badira hauen azterketa sakona egin dezakegu laborategian. Hezur hauek guztiak, ondoren, Derioko hilerrira eramaten dira.
Proiektua oraindik bukatu gabe egonda ere, zeintzuk dira ateratako lehen ondorioak? Oraindik goiz da ondorio zientifikoak ateratzeko, baina aztarnategi honetan argi ikusten da iturri idatziek eta errealitateak ez dutela bat egiten. Izan ere, proiektua hiru hilabeterako programatuta zegoen, hilobiratze kopuru konkretu batekin, baina lanean hasi ginenean laster ikusi genuen geneukan informazioa, gehiengoa errepublika garaitik aurreragokoa, ez zela nahikoa eta askoz gorpuzki gehiago zeudela…
Proiektu hau behin bukatuta, zein bide hartuko du zuetako bakoitzak? Galdera ona (barrezka). Nik (Ander) momentuz ez dakit zer egingo dudan. Proiektu honen antzeko besteren batean jarraitzea nahiko nuke baina, batek daki. Dena den, eta datorrena ezagutzen ez badugu ere, beti irribarre batekin aurrera egiten saiatuko naiz! Nire kasuan ere (Leire), Anderrek esan bezala, batek daki. Hala ere, printzipioz Aranzadirekin aztarnategi arkeologikoetan lanean jarraituko dut udaran zehar eta baliteke urte osoan zehar ere, atzerrian. Arkeologiaren mundua oso sakona eta polita da, baina zoritxarrez Hego Euskal Herrian arkeologia proiektu falta larria nabaritzen da, hori dela eta askok irakaskuntzara jotzen dugu.