«Arkitektura gerturatzen», Peio Urrutikoetxea
Iritzia
Peio Urrutikoetxea Lopez
BINKE / 2022ko otsaila
Arkitektura gerturatzen
Gaur egun, arkitektura gizarteak urrundu eta ahaztu duen kontzeptu bat dela pentsatu dut azkenaldian; honen inguruko interesa murrizten doalarik, eta agian, jendeak zer den azaltzen jakin ez dakielarik. Lagun bati galdetu nion aurrekoan, ea zer ote zen arkitektura. Ez zuen zehaztasunez erantzuten jakin. Egia esan, kontatu beharrekoa zintzotasunez kontatzeko, orain gutxi arte, nik ere ez nukeela jakingo onartu behar dizuet.
Arkitekturarekin dudan lehenengo oroitzapena, argi daukat ordea.
Gogoan dut nire herriko lorategirako sarrera. Eskailera hura zeinu berezi bat bezala irudikatzen dut, atseden mundu baten sarrera. Brisa arina, barandaren hotza, inguruko landareen usaina… Oraindik ere, ate zaharra nire atzean ixtean sortutako soinua entzun dezaket. Eta paisaia eder bat zabaltzen da nire aurrean, itsasoa eta herriko jendea nire begien aurrean panorama bat bezala azalduz.
Txikitako oroitzapen horretan, arkitektura hitza ezagutu baino lehenago, arkitektura bizi nuela esan dezaket. Eta orain, niretzat arkitektura, atmosfera jakin bat sortzen duten detaile txiki eta erabaki desberdinen multzoa dela esan dezaket.
Hobeto ulertzeko, behin koadernoan idatzi nuen testu bat partekatuko dizuet:
«Iraila, astelehena, Donosti. Hemen nago, eguzkitan, plaza batean eserita. Hamabiak. Plazaren zati bat itzalean dago, urdinxka. Lore-postu bat, lore-saltzailea zoriontsu. Jende kopuru justua pasatzen. Zarata oso atseginak: gertuko elkarrizketak, jendearen urratsak… Tenperatura atsegina, freskoa eta epela. Harmailetan eserita nago, begiratuz, eta marraztuz. Harrizko harmaila, hotz. Plazaren alde batean, frontoi txiki batean pilotan jokatzen ari dira, beste aldean, jende talde bat hizketan ari da taberna bateko atarian. Aurrean, jendea paseatzen ari da, eraikin zaharrari begira, ni bezala.
Zerk zirraratu nau? Denak. Gauzak, jendeak, aireak, zaratak, koloreak, materialak, formak… Eta zerk hunkitu nau? Nire animo egoerak. Nire sentimenduak. Orduan, plaza begien aurretik kentzearen esperimentua egiten dut, eta jada ez ditut sentimendu berberak. Egia esan, plaza aurretik kentzean, nire sentimenduak desagertu egiten dira berarekin».
Arkitekto gisa, atmosfera horiek sortzen saiatuko naiz nire proiektuetan. Momentuz, marrazkiak egiten ditut soilik, sentsazio eta erabaki desberdin guzti horiek, nire sentimenduz eta arrazoiz hauteman eta proiektatuz, horiek arkitektura bihurtzeko irrikan nagoelarik.
Izan ere, horiek arkitektura bihurtzeko, exekutatu behar dira, partitura baten nota musikalak, musika bihurtu ahal izateko, jo eta exekutatu behar diren bezala. Horregatik, ikasle naizelarik, hau izan da nire arkitekturaren gerturapena, denboraren igaroan, desberdina izango denaren esperoan.