«Arean»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2022ko otsaila
Arean» berba zaharra dogu. Jatorriz, «handik» esan gura dau, baina Gorbeialdean, «apur bat» zentzuaz darabilgu baiezkorako, eta ezezkorako «arean bez (be ez)». «Apur» berbeak erabilera ugari dauka, esaterako: «Ogi apurrak edo birrinak; ur apur bat; denpora apur bat; lo apur bat; behar apur bat; apurka-apurka;» etab. baiezkoan eta «apur bapez (bat be ez)» ezezkoan. «Apurtu» aditza be hortik dator, apurrak egin, birrinduz, erdibituz, laurkinduz edo sastuz. Diminutiboan be erabiltzen dogu, esaterako: «Apurtxu bat, apurtxu baten, apurtxu baterako», etab. «pitin edo piti bat» baliokideagaz batera. Euskera batuaren etorreragaz, beste sinonimo batek daragoio nagusitzen eta hauxe da: «Pixka, pixka bat, pixkanaka», etab. Berba honen jatorria ez dago argi. Euskaltzaindiako Orotariko Hiztegiak dino Gipuzkuan eta Goi-Nafarroan erabilia dala, eta arean, Bizkaiko literaturan. Baina ez dago argi, gaztelerazko «pizca»-tik datorren ala gaztelerak euskerazko «pixka»-tik hartu dauan. Dana dala, gauza bat adierazteko hiru berba badaukaguz, bat bakarrik erabiltzea, euskera pobretzea da. Apurka-apurka, danon arte batu eta aberastu behar dogu etorkizuneko euskera. Hala bedi!