Parte-hartze prozesuak errazteko plataforma digital berria aurkeztu du Udalak
Administrazioa
BINKE / 2022ko martxoa
Parte-hartze prozesuak errazteko plataforma digital berria aurkeztu du Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Datorren urteko aurrekontu parte-hartzaileak martxan direla jakinarazteko prentsaurrekoa, plataforma berri bat aurkezteko baliatu du gaur Galdakaoko Udalak, eta aurrekontuetan proposamenak egiteko prozesuan aldaketak egin dituztela azaldu ere.
Aurreko Udal Gobernuak hasitako bideari eutsi dio egungo Udalak Galdakaon, eta urteroko aurrekontu osoaren milioi bateko partida zertara bideratu herritarrek erabakitzea gura du beste urte batez. Horrela, 2023ko aurrekontuetako zati hori non inbertitu eta zelan herritarrek proposatu ahal izango dute apirilaren 4tik 22ra bitarte.
Prozesu hau bideratzeko herritarren arteko talde-eragilea otsailean osatu zen eta honek diseinatu zuen datorren urteko aurrekontuetarako ibilbidea zein izan behar den. Gainera, lau berrikuntza nabarmen iragarri dituzte talde honekin batera lanean aritu diren Olaia Parra eta Maite Arandia zinegotziek eta Unai Amezaga parte-hartzerako udal-teknikariak, gaur udaletxean egindako prentsaurrekoan.
Hauek dira lau aldaketa horiek:
- Guneka banatutako «azpi-aurrekontuak» sortu dira —eremuen artean sor litezkeen desorekak saihesteko—.
- Jaso ahal izango diren —eta ostean gauzatuko diren— proposamen guztiak ez dira orain arte bezala eraikuntzara soilik bideratuko.
- Proposamenak, 2023ra begirakoak ez ezik, 2024an egitekoak ere jasoko dira —proiektuen lanketa sakonagoa ekartzen duten horiek ez baztertzeko—
- Eta azkenik, albiste honen lerroburuan batutakoa, erabaki.galdakao.eus ataria martxan jarri izana.
«Dagoaneko herritarren eskura dagoan plataforma honek ez dauz betiko parte-hartzeko bideak ordezkatuko, osatu baizik» esan du gaurko prentsaurrean Amezaga udal-teknikariak. Horrela ba, hautetsontzien bidez eta deitu diren batzarren bidez parte-hartzeaz gain, hemendik aurrera digitalki ere egin ahal izango dira proposamenak, eta ostean proposamen guztien artean bozkatu.
Proposamenak egin eta bozkatu bai, baina horren ostean hartutako erabakien eta Udalak bete beharreko prozesuen jarraipena ere egin daiteke honezkero erabaki.galdakao.eus atariaren bidez.
Atari hau aurrekontu parte-hartzaileen prozesuarekin batera aurkeztu dute gaur, baina atari honek «parte-hartze prozesu guztien ataria» izan gura duela esan dute Parrak, Arandiak eta Amezagak.
Aurrekontu parte-hartzaileak 2023
FASE NAGUSIAK
Hauxe da Udalak ohar bidez bidali duen fase nagusien errenkada:
- Prozesuaren diseinua: urtarrila-otsaila. Talde eragilea sortu da horretarako herritar, udaleko teknikari eta zinegotzien artean.
- Proposamenak aurkeztea: apirilaren 4tik 22ra.
- Erabaki.galdakao.eus plataformaren bidez.
- Udaletxean, ESAN bulegoan, Torrezabalen, eta Aperribai eta Usansoloko liburutegietan jarriko diren kutxatiletan proposamena sartuz.
- Topaguneetan eta Haurren Kontseiluan ere gaia landuko da. Baita pertsona nagusiekin —adinekoen egoitzetan— eta gazteekin —gazte elkarteekin—.
- Batzarretan parte hartuz —plataformaren bidez izena ematea gomendatzen da—. Batzarrak 19:00etatik 21:00era izango dira, honako leku eta egunetan:
- Bekeako eskola: apirilak 4
- Txapelena: apirilak 4
- Torrezabal: apirilak 5
- Urtebietako udal lokalak: apirilak 5
- Plazakoetxeko txaleta: apirilak 6
- Aperribaiko liburutegia: apirilak 6
- Bengoetxeko adinekoen zentroa: apirilak 7
- Proposamenek honako edukia izan beharko dute:
- Titulua: proposamenaren izena, esaldi labur eta ulerterraz bat.
- Testua: proposamenaren deskribapena. Proposamena ahalik eta gehien zehaztu behar da. Edonork ulertzeko modukoa izan behar da babesa edo botoa emateko. Proposamenaren balorazio teknikoa ere egin beharko da. Proposamenaren justifikazioa eta helburua azaldu, zergatik uste den beharrezkoa dela.
- Gunea: proposamena gune jakin baterako ala Galdakao osorako den zehaztu.
- Irizpideak betetzen direla egiaztatzea eta proposamenak taldekatzea: apirilaren 25etik 29ra.
- Proposamenei babesak adierazi, eta egitasmoak lehenestea: maiatzaren 2tik 17ra. Helburua da teknikoki baloratu beharreko proposamenen kopurua mugatzea; gehienez 64 baloratuko dira —zortzi esparru bakoitzeko—. Gune bakoitzean babes gehien lortzen duten zortzi proposamenak prozesuaren hurrengo faseetara igaroko dira. Babesa plataformaren bidez adierazi ahalko da, edo aurrez aurre hainbat tokitan.
- Balorazio teknikoa: maiatzaren bigarren hamabostaldia. Proposamenak teknikoki bideragarriak direla eta aurrekontuak adierazitako mugen tartean daudela egiaztatuko da.
- Bozketa: ekainaren 27tik uztailaren 15era. Eremu bakoitzean gauzatuko diren proiektuak aukeratzeko botaketan parte hartu ahalko dute Galdakaon erroldatuta dauden eta 16 urte edo gehiago dituztenek. Bakoitzak hiru proposamen bozkatu ahalko ditu, telematikoki plataformaren bidez, edo aurrez aurre.
- Emaitzak uztailetik aurrera jakinaraziko dira eta parte hartzerako plataforman proiektuen jarraipena egiteko gune bat jarriko da, herritarrek uneoro jakin dezaten zein den haien garapen-maila.
Datozen egunetan etxeetako postontzietan argibideak batuko dituen eskuorriak banatuko ditu Galdakaoko Udalak.