Ane Legarreta: «Bandak kontzertu gehiago egin beharko lituzke, eta ez hainbeste kalejira»
Ane Legarreta, Galdakaoko Musika Bandako zuzendari ohia
BINKE / 2018ko urria
«Bandak kontzertu gehiago egin beharko lituzke, eta ez hainbeste kalejira»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Juan Carlos Irizar handiaren lekukoa hartu zuen Galdakaok inoiz izan duen Bandako zuzendaririk gazteenak. Irizarren mailari eusteko ardura ez ezik, proiektu eta aire berriak eskaintzen ere saiatu da Ane Legarreta lau urtez. Baina bere ibilbide profesionalari erreparatzeko ordua iritsi zaio, eta badoa doinu handien bila.
Bazoaz… Banoa, bai, Galdakaoko Musika Bandako zuzendaritza utziko dut. Baina horrek ez du esan nahi nire bizitzako beste momenturen batean itzuliko ez naizenik, batek daki…
Zergatik hartu duzu erabaki hori? Aurten proiektu asko ditut eskuartean. Amaitu berri ditut Orkestra Zuzendaritzako goi-mailako ikasketak eta orain Madrilen master bat ikasten aritzeaz gain, zuzendari ere lanean nabil Galdakaotik kanpo hainbat lekutan: Gasteizen, Getxon… Beraz, egoera honek behartu nau banda uztera, ez daukadalako astirik.
Ez zen ba erabaki erraza izango zure herriko Musika Banda zuzentzearen lana uztea, ezta? Ez da erraza izan, ez. Erabakia hartu arte behin baino gehiagotan eseri naiz denbora luzez, leku batek eta besteak dauzkan abantailak eta desabantailak aztertzeko.
Bistakoa da «hegan» egin nahi duzula, Ane… Argi daukadana da orkestra zuzendaritzaz bizi nahi dudala, eta konturatu naiz, beste ogibide askorekin gertatzen den bezala, herritik kanpo aukera gehiago ditudala.
Zer eman dizu Galdakaoko «Da Capo» Musika Bandak? Banda osatzen duten pertsonak izan dira erakutsi didatenak zertan datzan orkestra zuzendari baten eguneroko lana. Izan ere, ikasterakoan teoria da ikasten duzuna gehienbat. Zorionekoa izan naiz ikasten egon naizen bitartean haiekin lan egin ahal izateagatik.
Eta zer eman diozu zuk? Gaztetasuna. Inoiz egin ez dituzten proiektuak bilatzen saiatu naiz, musikari gazteagoak bandako parte izatera gonbidatu ditut eta, batez ere, esfortzu handia egin dut taldearen motibazioa piztuta mantentzeko. Edozein taldetan beharrezko puntua iruditzen zait azken hori.
Emakumea eta gaztea izateagatik gehiago borrokatu behar izan duzu pentsaera «klasikoen» kontra? Emakume izateagatik baino gehiago, gaztea izateagatik borrokatu behar izan dut.
Lau urte egin dituzu Bandako zuzendari. Baduzu balorazio bat egiteko aina ibilbide! Bai, nire ezagutza garatzeaz gain, niretzat garrantzitsuena eta politena guztion artean ezagutu eta elkarbanatu dugun musika on piloa izan da. Hori beti geldituko zait, eta beti geldituko da taldearen onerako.
Zintzoa izan: nahi beste ekimen egin ahal izan dituzu? Galdakaoko «Da Capo» bandak izugarrizko garapena egin du ezagutzen dudanetik. Kideekin gero eta anbizio handiagoko proiektuak egiten saiatu naiz. Honek esan nahi du garapenean daudela oraindik, eta horrela jarraituko dutela talde osoak nahi duen arte. Noski, hala izatea espero! Garatzen, hobetzen eta gauza berriak egiten.
Aurretik izan duzu bestelako esperientziarik herritik kanpo. Zer ekarriko zenuke lan horietatik «Da Capo» Bandara? Askotan esaten dut Galdakaoko bandak kontzertu gehiago egin beharko lituzkela, eta ez hainbeste kalejira. Lan egiten jarraitu beharko dute formatu hori aldatzeko eta herritarren jakin-gosea pizteko. Ziur ondo baino hobeto egingo dutela lan hori! Animo talde osoari!
Hemendik aurrera zeintzuk dira Aneren asmoak? Gero eta proiektu hobeak bilatzen saiatuko naiz, nire lekua aurkitu arte. Aurten bidaiatzen denbora asko emango dut Gasteizko eta Getxoko hainbat ume-abesbatza zuzentzeko, Getxoko Musikalia banda, eta Madrileko masterra egin ahal izateko.
Tira, baina behintzat tarte luzeagoak egin ahal izango dituzu Elexalden… Lo behintzat nire etxean egingo dut, bai. Eta ostegun eta ostiral gauetan lagunekin egon ahal izango naiz Galdakaotik, baina agendarekin despistatu gabe.
Orkestra Sinfonikoak zuzentzea beste maila bat da, neurri honetako talderen batean ikusten al duzu zure burua? Asko gustatuko litzaidake orkestra bat zuzentzea, eta bai, hori nire etorkizuna izan daiten gogo handiz saiatuko naiz.
Zuzendari lanetan ezagutu zaituenak ziurrenik ez du jakingo musikari fina ere bazarela! Piano ikasketak egin nituen, beraz hau da hoberen jotzen dudana, baina zuzendaritza egingo nuela erabaki nuenean arpa, bibolina eta zeharkako txirula ikasten hasi nintzen.
Banda bateko zuzendari izateko derrigorrezkoa al da instrumenturen bat jotzen jakitea? Zaila da musikari bati nola jo behar duen esatea, baina bai zein soinu mota lortu nahi dudan eskatzea. Horretarako, zenbat eta hobeto ezagutu instrumentu baten teknika askoz zehatzagoa izan zaitezke.
Utz dezagun musika alde batera, zuk zeuk askoz gehiagorako ematen duzula entzun dugu eta! Aurten Euskadi Irratiko kolaboratzaile izango naiz Hiri Gorrian programan —musikari buruz hitz egiten, noski!—. Eta… ez dakit, txikitatik egin dut kirola, saskibaloia eta karatea adibidez. Baina orain… Ejem!
Kuriositatez, karatean zein gerrikora iritsi zinen? Orain dela bi urte, Asturiasen ikasten nenbilela, gerriko beltza lortu nuen. Baina gero utzi egin nuen…
Esaten nuen ba, Bandako «artalde» osoa dominatzeko jenio hori nonbaitetik etorriko zitzaizula! Ezagutzen ez dudan ahaideren batetik izan beharko da ba! (barreka)
Gaztelaniazko «genio», izaeraz gain, talentua duen pertsona ere bada. Talentu hori Galdakaoren izenean esportatzeko prest? Noski, Galdakao eta Elexalderen izenean! •