«Izen guztiak», Julen Gabiria
Urandreak lez
Julen Gabiria Lara
BINKE / 2022ko apirila
Izen guztiak
Aldizkari hau eskuan duzun unea imajinatzen ari naiz: egun normal samarra, gorabehera handirik gabekoa, errutina bat bestearen atzetik. Duela 85 urte ez zen horrela: gerra zibilean, Galdakao herririk bonbardatuenetakoa izan zen Euskal Herrian. Gutxienez 28 aldiz. Beraz, berdin dio aldizkari hau apiril amaieran duzun eskuetan, edo maiatzeko edozein egunetan. Adibidez, gaur maiatzaren 19a bada, une honetan baina duela 85 urte, trimotor alemanak 50 bonba baino gehiago jaurtitzen ari dira zure etxe alboan. Gaur, duela 85 urte, 16 lagun asesinatu dituzte Galdakaon, Euskaltzaindiak aditz hori onartzen ez badu ere. 1937ko apiriletik ekainera bitartean, gutxienez 37 lagun asesinatu zituzten gure herrian izandako bonbardaketetan.
Hala dator jasota Galdakao Gogora elkarteak idatzitako «Galdakao Gerra Zibilean. Udaberririk gabeko urtea» liburuxka ezinbestekoan. Han datoz hildako guztien izen-abizenak, horrela eraikitzen baita memoria eta orekatzen justizia. Eta akaso iritsiko da uneren bat zeinetan, biktimen izen-abizenez gain, beste aldean egon zirenen izen-abizenak ere agertuko diren: sarraski haietatik probetxua atera zuen jendearen izen-abizenak, sekula ez direnak aipatzen, haien ilobekiko errespetu otzan baten ondorioz edo. Esan beharrik ez dago ilobek ez dutela haiek egindakoaren errurik, baina, kasu askotan, haiek egindakoaren probetxuaz gozatzen jarraitzen dute. Eta memoria ez da amorrutik elikatzen, badakit, baina memoria sekula ez dut osotzat hartuko, soilik biktimen izen-abizenak gogoratzen ditugun bitartean, bonben ordez infartuak izan balira bezala.