Lola Dacosta: «Sexuaren inguruan ikasitakoa zalantzan jartzea beharrezkoa da»
Lola Dacosta, «sex coach»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Lola Dacosta galdakoztarrak bere burua «sex coach» izenez hartzen du, eta «sexualitate positiboa lantzeko» Bizkaiko lehenengo zentroa ireki berri du Bilboko Villarías kalean. Bertara gerturatu gara, bera eta bere jarduna hobeto ezagutzeko.
Sexu hezitzailea eta bikoteen arteko terapia sexualetan esku-hartzaile profesionala da Lola Dacosta (Galdakao, 1978). Bilbon jostailu erotikoak saltzen dituen denda bat ireki berri du. Ez da edonolako denda, «sexualitate positiboa» lantzen baitu.
«Sexualitate positiboa» lantzen duen denda bat ireki duzu. Zer da? Galdera batetik abiatuta hasi genuen dena: «Nola hobetu dezaket orain arte izandako sexu bizipena?». Sex-shopen inguruan ezarrita zeuden eskemekin hausten duen denda irekitzea erabaki genuen horretarako. Ireki berri dugun denda kanpoan inor uzten ez duen toki atsegin bat da, hiru zati desberdinetan banatuta: mundu osoko txokoetatik ekarritako jostailuak erosteko aukera eta sexu aholkulari profesionalak; sexu tailerren bidezko ikaskuntza; eta banaka zein bikoteka egindako «sex coaching» terapiak.
Asko dira denda erotikoen gainean dauden aurreiritziak? Bai, agian oraindik dauden masturbazio kabinek eta pelikula pornografikoek emakumeak gutxietsi egiten dituztelako izan daiteke hori. Guk orain arte mundu honen biran ezarritako aurreiritziak hausteko hautua egin dugu, beharrezkoa delako sexuaren inguruan ikasitakoa zalantzan jartzea, eta hori egin ezean, ordura arte bizitakoa errepikatzera kondenatuak gaude.
Uste duzu jostailu erotikoak erabiltzerako orduan beharrezkoa dela pedagogiatik abiatzea? Uste dut hori baino harago doala hau. Hasteko, jakitun izan behar gara orokorrean gizonek izaten duten plazera handiagoa dela emakumeek izaten dutena baino, uzki bidezko sexuan kasu. Beharrezkoa da garbitasuna, segurtasuna eta ezagutza.
Jostailu erotikoak erabiltzearen erabakia norberak dituen sentimendu egoeraren araberako dela diozu. Adibiderik? Orokorrean hiru dira gizonek eskatzen dituzten gauzak: hazia beranduago isurtzeko metodoren bat; zakilak tente gehiago irauteko gomendioren bat; eta hau bera gehiago hazteko trikimailuren bat. Eta, arazoaren errora joanda, honek denak plazer handiagoa ematen dio bikoteari? Ez. Bakoitzak moduren batean edo bestean bizi du sexua, eta horren arabera oinarrituko da jostailu bat edo beste bat erosteko hautua, eta ez eskatzen diren desio hutsalekin.
Nola uste duzu bukatu dezakela gizarteak sexuaren inguruan inongo konplexurik gabe hitz egiten? Jeneralean asko eta gaizki hitz egiten da sexuaren inguruan, entzundakoa, jasotakoa edo ikusitakoa imitatu nahi izaten du jendeak, espektatiba batzuen pean, eta honek denak tabu hauek are handiagoak egitea dakar. Gakoa, norberaren ikaskuntzan eta sexuaren gaineko berrikaspenean dago, sexuaren inguruko ikuskera subjektibo bat baitugu, eta bakoitza desberdina da gainontzekoengandik.
Zein gomendio emango zenioke jostailu erotikoak inoiz frogatu ez dituen bati? Frogatzea, honi esker ezagutuko baitu bere gorputza eta plazera. Hortik eta sexuaren ahalduntzera pauso bat besterik ez dago. Eta ez hori bakarrik, behin jostailuak frogatuta eta zuretzat egokia zein den jakinda, honi buruz bai zure buruari bai gainontzekoei espresatzea emozioen oreka bat lortzea eragiten du, osasun mentala hobetzea, alegia.