Bizkaibusek autobus zerbitzu zuzena jarri du martxan Aiaraldetik Usansoloko ospitalera joateko. Horri esker, eskualdeko herrietatik ospitalera joateko denbora murriztu da.
Aiaraldetik Usansoloko ospitalera joateko autobus zerbitzu zuzena eskaintzeko hitzarmena sinatu zuten Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek duela aste batzuk, eta zerbitzua —Bizkaibusen A-3641 linean integratuta— martxan jarri da dagoeneko.
Aurretik eskualdetik ospitalera zazpi bidaia egiten zituen egunean autobus linea horrek, baina bidaiaren denbora 70 eta 90 minutu artekoa zen. Zerbitzu berriak ordea, ia ordu erdian murriztu ditu desplazamenduak.
Zehazki, zerbitzu berriak hiru bidaia eskainiko ditu noranzko bakoitzeko, egunero, astelehenetik barikura. Urduñan, Amurrion, Aiaran eta Laudion izango ditu geralekuak, eta eskualdetik zuzenean joko du Usansoloko ospitalera.
«Zuzeneko zerbitzu berriak nabarmen hobetuko du Aiaraldearen eta Galdakaoko Ospitalearen arteko ibilbidea, gaur egun dagoen zerbitzu arruntarekin alderatuz, eta, beraz, joan-etorri azkarragoa eta erosoagoa eskainiko die bidaiari guztiei, eta, bereziki, zentro horretan ohiko hitzorduak dituzten eskualdeko adinekoei eta paziente kronikoei», aldarrikatu zuen zerbitzuaren aurkezpenean Jon Nogales Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko diputatuak.




