Ainara García: «Ze emakumek ez dau bizi izan matxismo kasuren bat?»
Ainara García Goitiandia, idazlea
BINKE / 2020ko maiatza
«Ze emakumek ez dau bizi izan matxismo kasuren bat?»
Liburuaren izenburua idazlearen beraren adierazpen batetik dator, eta intentzio horretatik sortu du Ainara García Goitiandiak bere lehenengo liburua: «Cómeme la flor», matxismoa ezagutu eta akatzeko gida egokia.
Binkeren Koarentena Artistikoa «jaialdiaren» baitan deskubritu genuen, besteak beste, Ainara García Goitiandia (1978, Zaratamo) Galdakaorekin oso lotuta dagoen idazle berria.
Zure lehenengo liburua. Beraz, ezer baino lehen: pozik «erditzearekin»? Oso. Zelango esperientzia ederra literatura zati bat erditzea, benetan. Eta ze hunkigarria jendeak zeozer ikasi dauala ikustea edo kapituluren bategatik hunkituta edo haserre sentitu dala jakitean.
Zuzenbidean lizentziatua izanda, zelan okurritu zitzaizun feminismoaren inguruko liburu bat idaztea? Gauza guztiz naturala izan zan. Bizitza guztia militantzian eta auzolanean, horrek pisua deko. Beraz, emakumea izanik eta gure inguruan bizi doguzan erasoak ikusita, ezin neban besterik egin. Emakume moduan txikitatik bizi izan dodazan ezberditasunak honarte eraman nau. Matxismoa estrukturala da eta oso etsai ikaragarria. Gure etxe, ikasgela, kale, telebista, eleiza, tabernetan eta gobernuetan bizi doguna. Lan asko dago egiteko eta «Cómeme la Flor» berditasunera bidean pausu txiki bat da.
Feminismoa aipatu dugu, baina Binkeren Koarentena Artistikoan liburua aurkeztu zenuenean, «feminismoaz baino matxismoaz ari zarela» esan zenuen. Zergatik? Azken finean matxismoa baita gure, emakumeon, saminaren oinarria. Matxismo barik emakumeak askeago izango ginake. Bardintasun osoan biziko ginake. Beraz, nire helburua matxismoa, bere tresna eta mekanismoak ezagutaraztea da. Etsai erraldoi hau nor dan jakin daigun. Etsaia ondo ezagutu behar dogu horri aurre egin aurretik.
Zertan oinarritu zara liburua idazteko? Gehien bat inguruan bizi izan dodazan kasuetan oinarritu naz. Ze emakumek ez dau bizi izan matxismo kasuren bat? Datu mordoa be erabili dodaz jendeak matxismoaren errealidadea ikus dagian. Gehien bat Emakunde, Feminicidios.net edo estatu espainoleko Bardintasun ministeritzatik edo Espetxe Erakundetik. Era berean, hainbat emakumeren testigantzak be jaso dodaz, indarkeria matxista sufritu daben emakumeenak, alegia.
Ezin galdera hau saihestu: Zergatik «Cómeme la flor» izenburua? Askotan esaten dodan esaldia da haserre nauenean. Beraz, emakume askok sentitzen dogun haserrearen islada ona zala pentsatu neban. Intentzio adierazpen bat da liburuaren izenburua.
Etorriko da beste lanik? Bai. Beharrean nau beste liburu batean. Urte honen bukaeran aurkeztu ahal izatea espero dot. Ilusio handiz eta jendeak eskatute nabil. Askori «Cómeme la Flor» labur gelditu jake. Horregatik datorren liburuan matxismo instituzionalari buruz idatziko dot. Sistemak gauzatzen dauan matxismoari buruz.
Zergatik irakurri beharko genuke zure lehenengo liburu hau? Emakumeok gaurko gizartean, eta Euskal Herrian bereziki, bizi dogun errealitateagaz kontzientzia hartzeko, askotan eraso matxistak ikusezinak diralako. Eta, bide batez, matxismoari buruzko zenbait datu eta errealitate ezagutzeko. Begirada didaktiko batetik ikustea gurako neuke, bai gazte zein nagusi, emakume, gizon zein edozein identitatek.
Liburua eskuratzeko: 12 €-ren truke dago eskura, herriko dendetan zein ondoko helbidera idatzita: comemelaflorlibro@gmail.com